1991n abiatu zuen Bergarako Taun Taun Teatroak Txotxongiloen Mostra, "programazio orokorrean hutsune bat betetzeko" asmoz. Helburu berarekin jarraitzen dute, ibilbidean zehar nazioarteko eta bertako 190 artista baino gehiago gonbidatuta.
Hamar ikuskizun
Txotxongiloen esparruan gaur egun dagoenaren erakusleiho izan nahi du aurtengo eskaintzak ere. "Askotariko ereduak eta istorioak erakutsiko ditugu, baina aurtengo indargunea, bereziki, Euskal Herriko eta sortzaile hasiberriei tokia ematea izan da. Denetariko ikuskizunak programatu ditugu, baita Wireless filma ere; hain justu, egitaraua zabalduko duena", azaldu
dute antolatzaileek.
Maria Urzelai bergararra dago gonbidatuen artean; bakarrizketa bat egingo du. "Mikroantzerki formatua du, 25 minutu inguruko iraupenarekin. Komikoa da, baina atzean ikuspegi aldarrikatzailea eta feminista du; besteak beste, gorputzaren
eta irudiaren hausnarketa egiten dut. Pertsonaiak bere estetika zehatza du, baita erabiltzen dituen objektuek ere. Pozik nago
nire jaioterrian erakutsiko dudalako eta gogotsu nago beste ikuskizunekin gozatzeko ere" azaldu du Urzelaik.
Tailerra eta erakusketa ere bai
Kalean eta zenbait aretotan –Seminarixoa, Aroztegi aretoaeta gaztetxea– izango diren ikuskizunez gainera, Laboratorium museoan dagoen Automatak: mekanismo magikoak erakusketa ere batu dute proposamenen artera, baita Xavi Lozano katalanak domekan Aroztegi aretoan egingo duen Musika tresnak izeneko tailerra ere. "7 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Parte-hartzaile bakoitzak instrumentu bat sortuko du, bertan izango dituzten askotariko materialak erabilita. Dohainik da, baina aurrez gonbidapena eskuratu behar da, 670 22 42 09 telefono-zenbakira deituta, edukiera mugatua izango duelako".
Sarrerak eskuragarri
Aroztegi aretoan eta kalean egingo dituzten ikuskizunetarako ez da ordaindu beharrik izango, baina gaztetxean eta Seminarixoan izango diren ikuskizunetarako bai. "Kartzelazaharreko ikuskizunetan ez dugu sarreretarako diru kopuru zehatzik eskatuko, baina gustura jasoko ditugu ikusleen propinak. Eta Seminarixoko sarrerak 'seminarixoa.eus' atarian dituzue eskuragarri, zortzi eurotan", gaineratu dute antolatzaileek.
Egitaraua, osorik
Urriak 4, egubakoitza
- 19:00, Aroztegi aretoa. Wireless filma. (Zero en conducta; Katalunia eta Mexiko)
- 20:00, Seminarixoa. Origen ikuskizuna. (Borja Sand Art; Katalunia)
- 22:30, Kartzela Zaharra. Igaro ikuskizuna. (Maren Barrenetxea; Euskal Herria)
Urriak 5, larunbata
- 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, Munibe plaza. SIE7m ikuskizuna. (Ymedio Teatro; Andaluzia)
- 12:00 eta 18:00, kalean zehar. Flexus ikuskizuna. (MG Producciones, Kantabria)
- 12:30 eta 13:30, Aroztegi aretoa. Un ratito bakarrizketa. (Maria Urzelai; Euskal Herria)
- 19:00, San Martin plazan. Bufa & Sons ikuskizuna. (Xavi Lozan0; Katalunia)
- 20:00, Seminarixoa. Filar ikuskizuna. (Antonella D'Ascenzi; Italia)
- 22:30, Kartzela Zaharra. Ximurrak ikuskizuna. (Gontzal Royuela; Euskal Herria)
Urriak 6, domeka
- 12:00etatik 14:00etara, Munibe plaza. SIE7m ikuskizuna. (Ymedio Teatro; Andaluzia)
- 12:00, Aroztegi aretoa. Musika tresnen tailerra. (Xavi Lozan0; Katalunia)
- 20:00, Seminarixoa. Eros ikuskizuna. (Ixo Teatro, Euskal Herria)