Bergaran, San Martin plazan, Bergarako Adinekoen Kontseilutik, San Joxepe Elkartekoak, Duintasunak eta Bergarako Udalak antolatutako ekitaldia izan da; bertan adierazi dute eskubideak ez direla adinarekin iraungitzen. Manifestu bateratua irakurri dute ekitaldia hasteko, eta, honako aldarrikapenak egin dituzte
2024ko Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna
Adineko pertsona guztiok eskubidea dugu bizi-baldintza duinak, pentsio publiko justuak, zerbitzu publiko unibertsalak eta etxebizitza irisgarri eta osasungarria izateko. Erabaki nahi dugu nola bizi nahi dugun, nola izan nahi dugun zainduak guk gure burua zaindu ezin dugunean eta baita ere nola hil nahi dugun.
Gizartean kezka handia dago pertsona nagusiok bizi duten egoeraz. Horietako asko asistentzia zentroetan eta etxez-etxeko laguntza-zerbitzuetako erabiltzaileak dira. Gutxieneko pentsio ziztrinak nahikoak ez direlako eta oinarrizko zerbitzu publikoetan gero eta murrizketa gehiago, pribatizazio handiagoa eta prezioak garestiagoak direlako.
Horregatik guztiagatik, honako hauek aldarrikatzen jarraitzen dugu:
1. Osasun zerbitzuak hobetzea: osasunaren promozioa lantzea, pertsonen autonomia luzatzeko. Horretarako lehen mailako arreta indartu beharra dago, gertuko eta kalitatezko eredua bultzatuz.
2. Zaintzako zaintzaileen lan baldintza duinak bermatzea, bere lana dignifikatuz.
3. Egoitza zentroetan plaza izatea. Prozedura eta irizpide argiak dituzten kalitatezko eredu bat eskatzen dugu, baita egoiliarren banakako arreta, bere logela propioarekin.
4. Gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea eta genero arrakalari aurre egitea.
5. Administrazioari exijitzen diogu konpromiso sendoa elkarte eta gizarte-eragileekin batera parte hartzeko zahartzaro aktiboa lantzeko.
Ospakizun honetan, adinekoak pairatzen ditugun arazoak salatzeko eta ditugun beharrak eta eskubideak aintzat hartzeko egun garrantzitsu honetan, zuen asistentzia eskertu nahi dugu. Eta azkenik, Adineko Pertsonen Egunaren inguruan prestatu ditugun ekintzetan parte hartzera animatu nahi zaituztegu eta horregatik bihar arratsaldeko 19:00etan Seminarixoan Clown ikuskizunerako gonbidapena luzatzen dizuegu. Eskerrik asko hurbildu zareten pertsona guztiei Bergarako Adinekoen Kontseilutik, San Joxepe elkartetik, Duintasunatik, Nagusilanetik eta Bergarako Udalatik.
Kantuak abestu eta mokadutxoa
Ekitaldiarekin jarraituz, kantua ere izan dute, kantu batzuk abestu ondoren, irrintzia botata eman diote amaiera ekitaldiari, eta salda eta txorizo pixka batekin amaitu dute gaurko bateratzea. aurrez ere izan dituzte ekintzak bergararrek: Izan ere, irailaren 19tik gau arte Bergara Oinez-en eskutik ibilbide osasungarria izan dute, Hitzak ikuskizuna Islada talderen eskutik, ate irekiak, ARIN eguneko arretarako zentroan…, eta gaurko eguneko ekintzez gain, egunotarako programazioa ere prest dute.
Arrasaten aitortza adineko pertsonei
Arrasaten ere aurreko astetik izan dira ekintzak eta gaur Herriko Plazan Nagusien Elkargoak omenaldi bat egin diete, luntxarekin lagunduta. Bihar, ere, izango dituzte ekintzak egun osoan zehar. Izan ere, belaunaldien arteko ibilaldia egingo da, aurreskua eta manifestua irakurtzea, Arantxa Urretabizkaiaren hitzaldia eta luntxa Arrasate Musikaleko musikarekin lagunduta.