Bergarako Udal Gobernuak sanmartinetako feria "bertan behera" uzteko erabakia hartu duela iragarri du gaur, eguen arratsaldean, ohar baten bidez, Bergarako Udaleko langileen batzordeak deitutako lanuzteengatik: "Azokako ekoizleen interesak, herritarren espektatibak eta udal langileen grebarako eskubidea uztartzen saiatu da Udala azken momentura arte". Haren hitzetan, "feria ospatzeko plangintza ezberdinak" ere aztertu dituzte, "baina horiek beharginen greba eskubidea urratzea ekarriko lukeela ikusita Udalak ez du feria bertan behera geratzea baino beste alternatibarik topatu".
Zapatuko azokan egotekoak ziren ekoizle batzuen aldetik iritsi da, ordea, alternatiba, Jon Ruiz de Egino nekazari bergararrak GOIENAri jakinarazi baitio Oxirondon –han zen feria egitekoa aurten– izango direla ekoizleetako batzuk, eskuartean dituzten baliabideak erabiliz egingo baitute feria, "garrantzitsua delako eurendako".
Desadostasunak eta lanuzteak
Udal Gobernuak gaur arratsaldeko hiruretan hartu du feria "bertan behera" uzteko erabakia, Gorka Artolak, Bergarako alkateak, GOIENAri jakinarazi dionez, Udaleko langileen batzordearekin izan duten hartu-emanean ez delako aurrerabiderik egin, eta, horrenbestez "feria egiteko muntaketa lanetarako denborarik ez dagoenez, ez egitea" erabaki dutela. Aldiz, Joseba Ezpeletak, langileen batzordeko lehendakariak, GOIENAri argitu dio "muntaketa lanak egubakoitz goizean hasi eta amaitzeko konpromisoa" hartzen dutela Udaleko beharginek; alegia, badagoela denbora feria egin ahal izateko, baina Udal Gobernuaren "borondatea, keinu bat" behar dutela arazoari irtenbidea emateko. Haren hitzetan, langileek mahai gainean jarri dituzten eskaerak "ez dira ez onartzeko modukoak".
Hain justu, Udaleko langileak irailaren hasieratik dabiltza protestak egiten, batik bat, lan hitzarmena berritzea baitute helburu, Udalari bost eskaera zehatz eginda. Hala ere, gaur salatu dutenez, Bergarako udal gobernuak euren eskaerei emandako erantzunak "ez ditu asetzen", eta, beraz, lanuzteak egitea erabaki dute.