Protestak egiten dabiltza Bergarako Udaleko langileak azken egunotan, besteak beste, lan hitzarmena berritzea baitute helburu, Udalari bost eskaera eginda; hala ere, adierazi dutenez, Bergarako udal gobernuak eurek eginiko eskaerei emandako erantzuna "ez da nahikoa": "Ez gaitu asetzen. Besteak beste, arazoaren muinari heldu eta konponbideak Udaletik planteatu baino, konponbideak beste batzuen eskutik eta beste 'marko' batzuetatik etorriko direla aurkezten digute". Horrenbestez, mobilizazioekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu dute; bai, behintzat, gaur eta bihar, 10:00etatik 13:00etara bitartean lanuzteak eginda.
Langileen batzordeak jakinarazi duenez, martitzenean jaso zuten udal gobernuaren erantzuna –udal langileek egindako batzarraren bezperetan, atzo egin baitzuten–, eta salatu dute "denbora guzti honetan zehar langileen ordezkariekin elkartzeko saiakera bat bera ere" ez dutela egin: "San Martin jaiak normaltasunez ospatzeko neurrien bila pasa duten bitartean, langileon eskaerak alboratu eta beranduagorako –azken uneraino– utzi dituzte (...) Hamar egun hauetan zehar ez al dute langile ordezkariekin eseri eta gaia konponbidean jartzeko denborarik izan? Guk, baietz uste dugu".
Eskaerak, irailaren hasieratik
Irailaren 3an egin zuen Bergarako Udaleko Langile Ordezkarien Batzordeak lehen bileretako bat, eta orduan erabaki zuten "oinarrizko eskaera batzuk" bideratzea Gorka Artolari, Bergarako alkateari. Zehazki, bost izan ziren eskaerak: lan hitzarmenaren negoziaketari ekiteko egutegi bat adostea; negoziazio mahai garden bat; 2022an abian jarri eta urte berean amaitzea asmo zuen udaleko lanpostuen balorazio orokorra; hainbat administrazio eremutan jadanik onartuta eta martxan dauden ezagueraren transferentzia bermatzeko eta plantilla gaztea berritzeko plana aurkeztea; eta kontratazio politika udal zerbitzua indartu eta langileen lan baldintzako hobetzeko plan orokorra egitea.
Lehen mobilizazioak pasa den astelehenean, irailaren 9an, egin zituzten, protesta-dinamika bati ekiteko hautua egin baitzuten, Konponbidea. Bost puntu lelopean; martitzenean, berriz, hilaren 10ean, salaketa karabana egin zuten, 11:30etik 13:30era.