Langileen batzarraren arabera lan baldintzen "etengabeko narriadura" pairatzen ari dira: "2010etik gure lan baldintzen etengabeko narriadura pairatzen ari gara. Denbora honetan eros ahalmenaren %20 inguru galtzeaz gain, lan hitzarmena ez da 2012az geroztik berriztu. Honi, gainera, %40aren inguruko behin behinekotasun onartezina dugula gehitu behar diogu. Aurretik aipatutakoari, azken 2-3 urteetan tokiko negoziazio mahaian aurrera pausorik ez, eta gatazkak dira nagusi. Oinarrizkoak izan beharko luketen prozedurak ez dira betetzen eta langileok negoziazioetan erabakitzen denaren gaineko inongo ziurtasunik edo bermerik ez dugu. Langileok egoerarekin oso kezkatuta eta haserre gaude".
Bost eskaera alkateari
Hala, "egoera konpontzen laguntzeko", bost eskaera bideratu diote alkateari: negoziazio mahaiaren funtzionamendu ordenatu eta gardena bermatzea, negoziazio mahaia lanerako tresna eraginkorra izateko; 2024. urtea amaitzerako egungo lan postuen balorazio orokorraren prozesua amaitua izatea; giza baliabideak kudeatzeko eta belaunaldi aldaketa planifikatuan ezaguera transferitzeko Plan Estrategikoaren proposamena egitea eta urria amaitzerako aurkeztea eta onartzea; Lan Hitzarmen berria negoziatzen hasteko egutegia zehaztea eta adostea; eta kontratazio politiken barruan, lan postu publikoak garatu eta enplegua egonkortzeko Bergarako udaleko plan orokorra egitea.
Erabaki dute, aldi berean, egoera salatzeko mobilizazioekin hastea.