Bergarako Udal Gobernuak sanmartinetako feria "bertan behera" uzteko erabakia hartu du gaur arratsaldean –ekoizle talde batek hartuko du, azkenean, ardura–, Udaleko langileen batzarrak deitutako lanuzteengatik, eta erabakia salatu dute Bergarako jeltzaleek: "Oso larria da Bergarako herritarrentzat, eta, batez ere, baserritar, gaztagile eta artisauentzat". Haien hitzetan, erabaki horrek "kalte handiak eragingo dizkio lehen ere egoera kaskarrean dagoen lehen sektoreari", eta uste dute "gatazka ekiditeko denbora eta baliabideak" izan dituela Udal Gobernuak.
Bestalde, Mikel Letek, Bergarako EAJko bozeramaileak, "gardentasun eta informazio falta" salatu du: "Gu herriaren ordezkari izanik, ez dugu inolako informaziorik jaso udal langileek Udal Gobernuarekin duten gatazkaz, eta honen berri jakin dugu beharginek kalean egindako mobilizazio eta propagandaren bitartez". Horrez gain, erantsi du langileen komitearekin bilera eskatu zutela zuzenean gatazkaren berri izateko, baina oraindik ez dutela egunik. Hala, nabarmendu dute Udal Gobernua "gehiengo absolutuaz baliatzen" dela: "Nahikoa dituzte euren botoak, eta ez dute ahaleginik egiten oposizioarekin gobernantza eraikitzaile bat egiteko".
Kudeaketan arreta
Leteren hitzetan, "EH Bilduren gobernantza itxia eta ez partekatzailea da, beraien inguruko jendeari bakarrik begira", eta, aldi berean, "kudeaketarako gaitasun eza" salatu du: "Orain arte demostratu dute kudeaketan ezintasun asko dituztela, baina, orain, argi utzi dute gatazkak konpontzen eta akordioetara iristen ere ez dutela gaitasunik". Horrez gain, aurreikuspenak izan ditu gogoan: "Ez dugu ulertzen gobernuaren aurreikuspen falta negoziaketa bideratzeko utzikeria eta elkarrizketarako gaitasun eza".