Hasita daude eraiste-lanak supermerkatu berria zabalduko den Bergarako orubean

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko ira. 5a, 16:09

Hasita daude Soraluce kooperatibak Bergarako Amillaga kalean zuen eraikina botatzeko lanak. Aurreikusita dago orube horretan Lidl supermerkatu bat zabaltzea. Luze jo du salerosketa prozesuak, baina onuragarria izan da Soraluce enpresarendako zein enpresak planta duen Osintxu auzoarendako. Enpresak orain urtebete inauguratu zuen seigarren pabiloia, eta beste bi egokitzen ari da. Bide batez, eta Bergarako Udalarekin elkarlanean, hainbat urbanizazio lan egin dituzte Osintxun.

Soraluce kooperatibak Bergarako Amillaga kalean zuen eraikina botatzeko lanak hasita daude. Makinak lanean dira eta eraikin zaharra guztiz botata ez badago ere, lanak martxa onean doaz eta zeresana eragin dute herritarren artean.  Aurreikusita dago orube horretan Lidl supermerkatu bat zabaltzea. Beste hainbat saltoki dauden inguruan eraikiko da berria ere. Ez dago, oraingoz, irekiera epeei buruzko informazio zehatzik. 

Prozesu luzea

Luze jo du salerosketa prozesuak. Soraluce kooperatibak 2008an jarri zuen espazioa salmentan, eta 2018an sortu zen Lidl kateari saltzeko aukera. Otsailean beteko dira sei urte enpresaren eta Bergarako Udalaren arteko behin behineko lehen hitzarmena onartu zela. Lursailaren salerosketa ahalbidetzeko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatu eta jarduera industrialerako zen lursaila merkataritza-erabilerako izendatu zen. Bestalde, hitzarmenaren parte zen Soraluce kooperatibak pabiloi berria eraikiko zuela Osintxuko plantan.  Pandemiak ere izan du eraginik. 2021ean kooperatibak hitzarmenaren moldaketa eskatu zuen ordainketa betebeharren epeak atzeratzeko.  Soraluce kooperatibak orain urtebete inauguratu zuen pabiloi berria Osintxuko plantan.

San Lorentzoko orubean egitekoa den supermerkatuari dagokionean informazio gutxi dago oraingoz. Asmoa da eraiste lanak amaitutakoan egitea. Lidl katekoa izango dela eta elikadurarekin lotutako aktibitate bakarrekoa izango dela da oraingoz zabaldu dena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak