Dena aurreikusi moduan joan da eta uda partean hasi eta bukatu dituzte lanak, zelaian mugimendu gutxien egoten den urteko sasoia dela aprobetxatuz.
Hamasei urte igaro dira Ipintzako futbol zelaiari lehenengoz belar artifiziala jarri ziotenetik eta aldatzeko ordua zen: adituek belar artifiziala gehienez hamabi urtean behin aldatzea gomendatzen dute eta Ipintzak erabilera bereziki handia izan du. Belarra berritzeaz gain, futbol zelaian bestelako hainbat konponketa ere egin dituzte: zelai inguruko sarea, ateak eta aspertsoreak berritu, esaterako.
Ipintza eta Agorrosin, belar artifizialdun bi zelai dituzte egun Bergaran eta, Iosu Elorzaren hitzetan -BKEko futbol saileko presidentea-, oso lagungarria izango da entrenamenduen kalitateari eta jokalariei begira.
Denboraldi berriari buruz galdetuta, ilusioz hitz egin du; are gehiago, aurreko urteetan izandako neska-mutiko kopuruekin alderatuta, hazkundea espero dutela kontuan izanik.
Aldagelak eta harmailak
Indarrak denboraldi berrian jarrita, bai, baina Ipintzako beste beharrizan batzuk ahaztu gabe. Aldagelak dira orain lehentasuna, klubetik adierazi dutenez.
Aldagelak eta harmailak; hainbatetan jendea partidua ikusi ezinik geratzen delako beheko zelaian. Lan horiekin datorren urtean has daitezen, klubetik borrokan jarraituko dutela esan du Elorzak.