2019an antolatu zuen lehenengo aldiz Ndank Ndank elkarteak Elkarbizitza programa, eta dagoeneko lau edizio daramatzate. Egitasmoaren helburu nagusia da paternalismotik aldendutako ikuspegi batetik Senegaleko bizimodua eta baloreak ezagutzea, bertakoekin elkartruke positiboak sustatuz. "Teranga bezala ezagutzen da herria eta herritarrek eskuzabalik jasotzen gaituzte. Agian, hori da arreta gehien deitzen diena parte-hartzaileei", dio Ndank Ndank elkarteko koordintzaile Eli Dominguezek.
Helburua lortzeko hainbat ekintza antolatu ditu elkarteak, hala nola, herrira bisitak, txalupa eta zaldi irteerak edota borroka senegaldar txapelketa. Afrikarekiko eta migrazio fenomenoarekiko topikoez hausnartzeko aukera ere izan dute zine-forumetan nahiz hango gazteekin ideiak trukatuz. 13 egunak "ezberdinak eta zoragarriak" izan direla aitortu dute parte-hartzaileek, eta beste bizitzeko modu bat ezagutzeko aukera izan dutela, "oso aberasgarria" izan dena. Esperientzia bizita, parte-hartzaileek ez dute zalantzarik. Berriro itzuliko lirateke.
Nahi duenak izango du aukera berriro ere Senegalera joateko azaroan, otsailean edota Aste Santuan. Gainera, elkarteak aurreratu du ziurrenik urtarrilean beste elkarbizitza programa bati emango diotela hasiera beste talde bat sortu eta egonaldia egiteko udan.