Uztailean egin zituen aurreneko entrenamenduak Bergarak, eta Ruiz de Larramendik aurreratu du "benetako" denboraldiaurrea abuztuko azken bi asteetan egingo dutela.
Iazko denboraldiaurrea erreferentziatzat hartuta, aurten ere antzerako planifikazioa egin du, eta aste eta erdi entrenatu ostean, lagunarteko partidak jokatuko dituzte Mondra, Ermua, Zaldua, Zumaiako, Galdakao eta Aurrera Vitoriaren kontra.
Bajak eta fitxaketak
Aurreko denboraldi amaieran, Xabier Azpiazuk, Jon Laskurainek, Paul Valgañok eta Mikel Larrañagak agur esan zioten taldeari eta horiei beste bi jokalariren bajak gehitu zaizkie. "Pena bat da bi horiek uztea, oraindik futbol asko daukate eta asko lagundu ahalko ziguten", dio entrenatzaileak.
Dena den, taldea indartzeko Ibai Agüero eta Markel Gisasola fitxatu dituzte.
Helburuen artean, nagusiena egunerokotasuna dela adierazi du. Iazko maila mantentzea ere gustatuko litzaioke, baina goian egoteko lan asko egin beharko dutela aurreratu du.
2024-2025 denboraldia irailaren 15eko asteburuan hasiko du Bergarak. Oraindik ordua eta eguna zehaztu gabe, etxean hartuko du Beti Gazte taldea.