Iritsi dira Herbeherako Ad Hoc bandako kideak Euskal Herrira, Bergarara hain zuzen ere. Bi urtez Ad Hoceko zuzendari lanetan jardun duen Txemi Etxebarria bergararraren laguntza izan dute taldekideek Euskal Herriko bira antolatzeko, hala, gaur Bergaran, martizenean Arrasaten eta ostean Lekeitio, Azkoiti eta Zestoan ere izango dira. Espoloian eskaini dute Ad Hoc bandakoek kontzertua, baina horren aurretik, harrera egin die Markel Azkargortak Bergarako udaletxean, eta ostean kalejiran joan dira Espoloiraino.
"Oso berezia da beraiek bertan ikustea. Bi urtez beraien zuzendari izan nintzen eta laguntasun bat sortzen da, orain nire herrian ikusteak ilusio handia egiten dit" dio Txemi Etxebarriak.
Markel Azkargorta Bergarako Udaleko hirigintzako zinegotziak dioenez, harrotasun puntu bat sentitzen da horrelako banda bat herrira ekartzean:"Kanpoko banda bat prest egotea gure herrian emanaldi bat emateko beti da pozgarria".
Gonbidatu berezia
Emanaldi bakoitzean bakarlari bat eta kontzerturako espresuki idatzitako lan bat izaten dute eurekin. Gaurkoan, Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarra izan da bakarlaria, eta txalo zaparradarekin jaso dute gonbidatua bai bandako kideek eta baita bergararrek ere.