Bergarako EAJk EH Bilduren legealdiko lehenengo urtearen balorazioa egin du

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko uzt. 18a, 15:32

Jeltzaleak kezkatuta agertu dira Udal gobernuak etorkizuneko proiektuak identifikatzeko eta aurrera eramateko erakusten duen gaitasun ezaren aurrean. Era berean, EAJk dio ez duela ikusten EH Bilduk hainbestetan aldarrikatu duen gobernantza eredu berria

EAJren udal taldeak kritikatu egin du EH Bilduren Udal Gobernuaren agintaldiko lehen urtea. EH Bilduk hauteskunde kanpainan "behin eta berriz" aldarrikatu zuen "gobernantza eredu berriaren" zantzurik ez dute ikusten jeltzaleek: "Esatea gauza bat da, baina praktikara ez dute eraman eredu berririk. Hasteko, oposizioarekin ez dute informazio gehiena partekatzen eta ez dute elkarlanik bultzatzen. Gainera, gure udal taldeko zinegotziek, askotan, prentsaren bidez jasotzen dute informazioa".

Elikaenearen esleipena dela eta

Proiektu zehatzagoetara etorrita, Oxirondo azokako Elikaenea proiektua gidatuko duen eragilea aukeratzeko orduan Udal Gobernuak jarraitu duen prozedura irmoki salatu du EAJk: "Datorren asteleheneko osoko bilkurara adjudikazio zuzen bat eramango da, nahierara, esaten den moduan, azokan kokatuko den Elikaenea proiektua gauzatzeko. Enpresa konkretu bati zuzeneko lagapena egingo zaio hamar urtez eta, gainera, urtero 40.000 euroko dirulaguntza emango zaio". Jeltzaleek uste dute lehiaketa publikoa egin beharko litzatekeela Elikaenearen kudeaketa esleitzeko: "Gure eredua ez da hau; guk lehen sektorea bultzatzeko neurriekin eta proposamenekin bat egiten dugu, zalantzarik gabe, baina azokako espazio hori kudeatuko duen enpresa aukeratzeko lehiaketa zabala egin behar da, edonork aukera izan dezan. Eta, Elikaeneaz gain, gaur egun bertan dauden negozioak ere bermatu egin behar dira".

Bestalde, jeltzaleen ustez, premia duen neurrietako bat etxez etxeko gizarte zerbitzua gauetara luzatzea da: "Gaur egungo etxez etxeko zerbitzuak hutsuneak ditu eta gauetan zenbait zerbitzuren aukera eskaini behar zaie erabiltzaileei. Gure eredua pertsona erdigunean izatea da, eta aspaldian egin ditugu proposamenak etxez etxeko zerbitzua hobetzeko. Oraindik Udal Gobernuak ez du erantzun integralik eman".

"Informazio falta" salatu dute

EAJren ustez, "garrantzizkoak" diren proiektuen gainean informaziorik ez dutela diote: "Ez dakigu Arrizuriagako obraren helburua zein den, zertarako izango den edo kultura elkarteentzat lekurik egongo den. Ez dakigu hileta zibilen aukera noizko gauzatuko den edo Agorrosingo hurrengo faseari noiz ekingo zaion. Gehiengo osoa izateak ez du esan nahi Gobernuak nahi duena egin dezakeenik, herritarrak eta oposizioa kontuan hartu gabe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak