Hasi dira Ipintzako zelaia berritzeko lanekin

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko uzt. 4a, 15:59

Ipintzako zelai artifiziala berritzeko lanak astelehenean hasi ziren eta udalak espero du hilabete batean amaitzea. Aldaketa lau urte berandu badator ere, BKEk pozik hartu du albistea, 2024-2025eko denboraldia "ganorazko" bi futbol zelairekin abiatuko dutelako

2024-2025eko denboraldiari begira Ipintza futbol zelaiak itxura berria izango du, astelehenean hasi ziren-eta instalazioak berritzeko lanekin. Udalak 230.000 euro bideratu ditu zelai artifizial berria jarri eta bestelako hobekuntza batzuk egitera. "Belar artifizial zaharra kendu zen eta orain ureztatze-sisteman probak egiten ari dira; horren ostean, belar artifizial berria jarriko dute. Belarra berritzeaz gain, zelai inguruko sarea eta ate guztiak berritu egingo dira. Behar handia zegoen belarra aldatzeko, gomendioa delako gehienez hamar urtez izatea, eta Ipintzakoak 15-16 urte zituen. Astelehenean hasi ziren lanak eta aurreikuspena da hilabete batean guztiak amaitzea", adierazi du Kirol zinegotzi Aitor Arantzabalek.

Gipuzkoako onenen artean

Hain zuzen ere, azpiko zoruaren planimetria zuzendu eta ura eramateko kanaleten sistema aldatu beharra dagoen edo ez probatzen ibili dira egun hauetan, eta beharra egongo balitz hura ere aldatu egingo dute. Gainerakoan, belarra ez ezik, ateak, inguruko sarea eta aspertsoreak ere berrituko dituzte.

Aldaketaren albistea pozik hartu dutenak BKEko futbol saileko kideak dira, eurak dira-eta Ipintzako eta Agorrosingo zelaien erabiltzaile nagusiak. Aldaketa "berandu samar" datorrela dioten arren, aurrera begira izango dituen onurekin pentsatzen jarrita daude, Iosu Elorza presidenteak zehaztu duenez: "Urteetako atzerapenarekin badator ere, pozik hartu dugu Udalaren erabakia; bereziki, Ipintzako belar artifizial zaharra pairatu duten neska-mutikoei begira. Izan ere, azken bi edo hiru urteetan egoera kaskarrean aritu dira entrenatzen, eta espero dugu aldaketa onuragarria izango dela gure jokalarien formakuntzarako eta bilakaerarako". Behin Ipintza berrituta, Elorzak dio Gipuzkoako instalazio onenetakoak izango dituztela: "Bi zelai izango ditugu ganorazkoak, belar onarekin, eta uste dugu klubaren harrobirako oso ona izango dela".

Hurrengo urratsa, aldagelak

Bi zelaiak berrituta, Elorzak gogora ekarri du aldagelak berritzea izan beharko litzatekeela hurrengo urratsa: "Agorrosin berrirako bigarren fasea noiz gauzatuko zain gaude. Gure asmoa bigarren fasea aurten hastea zen, baina Udalaren partetik ez dugu konfirmaziorik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak