Maite Usabiaga Bergarako Kultura zinegotzia, Zaloa Uriain Bergarako Udaleko kultura teknikaria eta Ubane Uzin Gaztelupeko Hotsak-ekoa izan dira egitaraua aurkezten. Espoloian batu dira, eszenatokia muntatzen ari zirela, eta, gogoz agertu dira aurtengo Berumuga musika zikloari hasiera emateko.
Bergarako agendan errotuta
"Aurten 24.edizioa da, gure herriko programan errotuta dagoen kontzertu-sorta. Herriko musika eskaintza asko aberasten du, ezaugarri propio batzuk dituelako. Horietako bat da Espoloian direla kontzertuak. Gaztelupeko Hotsak disko-etxekoekin lankidetzan, beraien bitartez maila internazionaleko zein bertako taldeez disfrutatzeko aukera dugu. Hala, seguru gaude maila altuko musikariak izango ditugula bertan", adierazi du Maite Usabiagak Bergarako kultura zinegotziak.
Maila internazionaleko taldeez gain, bertakoen presentzia
Gaztelupeko Hotsak-ekoek adierazi dutenez, aurten gauza ezberdin bat sortzen saiatu dira, egitarauari erreparatuz. Hala azaldu du, Ubane Uzinek: "Hilaren 5ean, Eskoziatik etorriko den talde bat izango dugu. The Winntown Marshals. Euskal Herrian bi emanaldi eskainiko ditu; Donostian bat, eta, Bergaran bestea. Gero, Amerikar Estatu Batuetako John Nemeth izango du; blues munduan izen bat du, eta jaialdiz-jaialdi aritu arren, gurekin konpromisoa zuen eta etorriko da. Hirugarren emanaldia, Rhythm Shakers madrildarrena izango da. Tequila musika taldeko abeslariaren taldea da. Oso gauza interesgarria izango da, lasaiagoa… Eta, azkena The Northagirres. Zumarragatik etorriko dira, eta, poztekoa etxeko talde bat ere izango dugula. Azpimarratzeko da Berumugan beti bezala emakumeen presentziari garrantzia ematen diogula, eta, izango dugu arten ere".