Bergarako Mariaren Lagundia ikastolako ikasleek Zerga Connect proiektuarekin irabazi dute lehiaketa eta egindako lan horrek zergen xedea herritarrei erakustea planteatzen du. Hori horrela, osasun-zentroetan, autobusetan nahiz zergen bidez finantzatutako gainerako zerbitzuetan jarriko liratekeen pegatina batzuk sortu eta jartzea proposatzen dute. Bigarren saria Zarauzko IES Lizardi BHIren Gipuzkoa Gara! proiektuak eskuratu du.
Atzo arratsaldean egin zen sari-banaketa Donostian eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak hartu zuten parte. Eider Mendozak, bere hitzaldian, zerbitzu publikoek gizarte-kohesioaren mailari eusteko duten funtsezko zeregina azpimarratu zuen.
Bestalde, Peronak dei egin zien ikastetxeei zerga eta ekonomia unitatean parte hartzen jarraitzeko. Duela 10 urte jarri zen egitasmoa martxan eta ikastetxe kopurua hazten joan dela nabarmendu zuen. Unitate didaktikoa ikasleei ematen zaie DBHko 4. mailatik aurrera, eta ikasleen artean, besteak beste, kontzientziazio fiskal handiagoa sustatzea du helburu.