Iazko mendeurrena behar den moduan ospatu ostean, Bergarako orfeoiak ohiko martxari heldu dio 2024an eta horrek esan nahi du San Pedro Eguna hurbiltzen dabilen heinean zita garrantzitsua datorrela. Kontzertuan 46 kantarik, 33 musikarik eta lau bakarlarik hartuko dute parte; guztira 83 lagun pasatuko dira agertokitik.
Organo berrituari ongi etorria
Ekainaren 29ko kontzertuak beste osagai erakargarri bat ere izango du, azken hilabete luzeetan Frantzian konpondu eta berritu duten San Pedro elizako organoak presentzia berezia izango duelako. Organoari ongi etorria eta aitortza egiteko Aitor Oleak Ave Verum pieza joko du.
Dokumentalaren estreinaldia, hilaren 25ean
Kontzertuaz gain, mendeurrena borobiltzera datorren ABAO Komunikazio Agentziak egindako dokumentala ere estreinatuko dute ekainaren 25ean, Seminarixoan, arratsaldeko zazpietan. 70 bat minutu irauten du ikus-entzunezkoak eta sarrera doakoa izango da.