Martitzenean urtebete bete zen udal eta foru hauteskundeak egin zirenetik eta Maddalen Iriartek, azpimarratu zuen ekitaldian EH Bildu dela Bergarako nahiz Gipuzkoako lehen indarra eta ezker abertzaleak ekarri duela aldaketa bat Euskal Herriko politikara. "Horregatik, da garrantzitsua ekainaren 9an berriro ere gure indarra erakustea. Berriro ere gorantz goazela erakustea".
Euskarari behar dituen egitura egonkorrak eman behar zaizkiola ere adierazi zuen, eta ultraeskuinaren aurrean EH Bildu herritarrekin batera "harresia" izango dela gaineratu zuen. Pernando Barrenak ere ildo beretik jarraitu zuen, esanez, EH Bildu antifaxismoaren lerrokatzen zela: "Jarraitzen dugu pentsatzen demokratak izateko, lehenik eta behin antifaxistak izan behar garela".
Ukrainiako eta Palestinako gerrei erreferentzia eginez, gatazka politikoak konpontzeko elkarrizketa eta nazioarteko elkarteen diplomazia lehenetsi behar direla zioen Barrenak eta Nazio Batuek nahiz Europar Batasunak beste paper aktibo bat jokatu behar dutela irtenbideak bilatzeko. Hala, gaineratu zuen Europa osoak eskatu behar duela Palestinan genozidioarekin amaitzea.