Bergarako Udala, Tolosa edo Eibar herriekin batera, afera horretan judizializatutako herrietako bat da; izan ere, 2025eko martxora arteko tartea izango du Bergarak udaltzainei suzko armak bermatzeko. Gaiaren gaineko eztabaida eragitea da alkatearen mozioaren helburuetako bat.
EAJk aurka bozkatu zuen. Jeltzaleek diote nahiagoko luketela udaltzainek ez balute suzko armarik erabili behar, baina garaiak aldatu egin direla eta udaltzainen zerbitzua egoera berrira egokitu behar dela esan zuen Mikel Letek, Jaurlaritzak martxoan kaleratu zuen dekretua betetzea proposatuz.
Mozioaren aurrean abstenitu egin zen alderdi sozialista zenbait punturekin ados ez daudelako baina Alberto Alonsok hitza hartu zuen suzko armen inguruko gogoeta bat egiteko.
Lua denda zena erosiko du Udalak
Bestalde, udaletxean dagoen "espazio falta historikoari" erantzuteko asmoz Lua denda zena erostea ere adostu zuen udalbatzak, EH Bilduren aldeko botoekin, EAJren kontrako botoekin eta alderdi sozialistaren abstentzioarekin.
Bukatzeko, Bergarako Udala Udalbitzaren partzuergoan sartzea –EAJren eta PSE-EEren kontrako botoekin– eta herri hezitzaileak sustatzeko Oinherri elkarteko bazkide izatea ere onartu zen atzoko bilkuran –EAJren kontrako botoarekin eta PSE-EEren abstentzioarekin–.