Ander Murua arrasatearrak bigarren urtez jarraian jantzi du Bergara Hiria torneoko txapela. Iaz ordezko moduan sartu zen finalean, baina aurten hasi eta buka egin du Endika Uriondorekin batera. Final gogor batean, 22 eta 13 nagusitu ziren Unai Amianok eta Beñat Garmendiak osatutako bikotearen aurka.
Bizi-bizi ekin zion neurketak, bi bikoteak partiduaren erritmoa ezarri nahian, baina partidu oso parekatua aurreikusten zen. Seina berdindu ostean, Muruak eta Uriondok osatutako bikoteak abantaila hartu zuen, 15 eta 7 aurretik jartzea ere lortu zuten. Hasierako gogortasunak alde batera utzita bazirudien bikote urdinak erraz eramango zuela partidua, baina akats batzuk medio, aurkariak 17 eta 13 hurbiltzea lortu zuten. Zalantzak uxatuta, zuzenean 22ra iristea lortu zuten Muruak eta Uriondok txapela janzteko; Muruak gainera txapelketako jokalari onenaren saria ere bereganatu zuen.
Promes mailan Ibarluzea eta Calvo nagusi (22-19)
Promes mailakoa izan zen arratsaldeko neurketarik gogorrena. Hobeto ekin zioten Ibarluzeak eta Calvok neurketari, eta, nahiz eta hasieran Zabaleta eta Bullon 6-5 aurreratu ziren markagailuan, partiduari buelta eman eta 15 eta 6 aurreratu zen bikote gorria (Ibarluzea-Calvo). Hemen ere neurketa bikote gorriaren alde erraz eroriko zela zirudien, baina asko gogortu zen neurketa. Bikote urdina (Zabaleta-Bullon) gehiago asmatzen hasi zen, batez ere aurreko koadroetan, eta, partidua iraultzea lortu zuen 19 eta 18 aurretik jarrita. Zailena eginda zuten Zabaletak eta Bullonek baina errematatzea falta izan zitzaien. 19 eta 18ko markagailutik, 22 eta 19ra joan ziren zuzenean Ibarluzea eta Calvo.
Bi finalen aurretik berriz, emakumezkoen lagunarteko partidu jokatu zen. Garaik eta Mendizabalek 22 eta 13 hartu zituzten mendean Beitia eta Capellan. Pilota festarekin amaitzeko, gaur arratsaldean (17:00) profesionalen jaialdia izango dute Bergarako pilotalekuan. Etxeko pilotariak, Beñat Rezustak Peio Etxeberriarekin osatuko du bikotea, Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaletaren aurka.