Lacor-Ibili taldearen ibilbidea batzen duen liburua aurkeztu dute

Xabier Urtzelai 2024ko mai. 17a, 11:30

Lacor-Ibili taldeak 75 urte daramatza sukaldeko tresnerian eta ostalaritzan erreferente moduan, eta urteurren horretako ospakizunen barruan aurkeztu zuten atzo, eguena, taldeak egin duen ibilbidea batzen duen liburua. Miguel Altuna institutuko aretoa bete egin zen ekitaldian.

Lacor-Ibili 1942-2024. Casi un siglo progresando liburua aurkeztu zuten atzo Bergaran, eta aurkezpenean liburua idatzi duen Beatriz Campuzano kazetariak eman zituen xehetasunak. "Liburua oroitzapenez osatutako lana da, Lacor-Ibilin diharduten familiako kide ezberdinekin egon naiz hilabete hauetan, eta kafe askoren bueltan batutako materialaz egindako lana da. 1942an sortutako taldea da Lacor-Ibili, baina saiatu gara urte hauetako bidea modu ezberdinean kontatzen, liburua ez dadila soilik enpresako mugarrietara mugatu. Horrekin batera, anekdota pertsonalak, istorio bitxiak, orduko oroitzapenak... Horiek ere batzen ditu lanak".

Atzo aurkeztu zuten 'Lacor-Ibili 1942-2024. Casi un siglo progresando' liburua.

Aurkezpena aurkezteko ardura Izaskun Larrañagak izan zuen, Lacor-Ibili Taldeko kontseilari delegatuak. "Oso egun polita da guretako, oso berezia. Urtebeteko lana dago atzean eta gaur beste lasaitasun batekin egunaz gozatzera etorri gara", adierazi zuen. "Oso emankorra izan da liburua egiteko egin dugun atzerako begirada, une askotan emozionatu ere egin gara, lehenengo belaunaldiko senitartekoak gogoan izaterakoan, adibidez. Azken batean liburuan bizipenak kontatzen ditu, eta bertan lanetan dabiltzanendako edo ibili direnendako intereseko liburua izan daiteke, baina horrekin batera proiektu baten gaineko, familia baten gaineko eta herri baten gaineko liburua da".  

Aurkezpenean Bergarako aurpegi ezagun asko batu ziren, Udal ordezkariekin batera. Lacor-Ibili taldeko langileak ere bertaratu ziren, eta baita herriko beste enpresa batzuetako arduradunak ere. 

Izaskun Larrañaga, aurkezpeneko une batean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak