Tokiko Klima eta Energia Planaren onarpena eta Arrizuriaga proiekturako 100.000 euroko kreditu aldaketa izan ziren gai nagusiak asteleheneko bilkuran.
Erronkak, "oso handiak"
Planak "jasangarritasunean eta energia berdeagoetan" du jarrita arreta. Planean 115 ekintza jaso dira, 2030erako bete beharko liratekeenak, eta bost helburu zehatz ditu: energia eraginkortasuna sustatu, aurrezpenetik eta berriztagarrien sorreratik; garraio publikoaren eta motorizatu gabeko bitartekoen erabileran oinarritutako mugikortasun iraunkorra bultzatzea; ekonomia zirkularrean oinarritutako kontsumo-ereduak sustatzea, hondakinen prebentzioa eta kudeaketa egokitik; klima agertokietara egokitzea; eta Bergarako klima-erronkei erantzuteko udal gobernantza-eredu berri bat sustatzea. Energia Plana aho batez onartu zuen udalbatzak –PSE-EEko Alberto Alonso ez zen egon–, eta, EH Bilduk zein EAJk azpimarratu zutenez, erronkak "oso handiak" dira, eta bi taldeek erakutsi zuten prestutasuna dagoeneko gainean dagoen 2030era begira lan egiteko.
Kreditu aldaketa, ezbaian
Bestetik, EAJ abstenitu egin zen EH Bilduk Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) eguneratzeko aurreikusita zuen 150.000 euroko partidatik 100.000 euro beste proiektu batera bideratzeagatik: "Gure kezka da aldaketa horrek HAPOren prozesua atzeratzea; Mugikortasun Plana aurreko agintalditik ari gara eskatzen, eta ez dago, eta guretzat lehentasuna hori da, Mugikortasun Plana egitea eta HAPOn txertatzea".
EH Bilduk ukatu egin zuen kreditu aldaketak HAPOren prozesua atzeratuko duenik: "Arrizuriagan aurreikusita ez zegoen gastu bat ekarriko du berogailu sistemak, eta dirua HAPOrako partidatik hartzea erabaki dugu. Aurrekontuaren planteamendua zenbait urtetarakoa izateak ahalbidetzen digu halako aldaketak egitea Mugikortasun Planerako eta HAPOrako epeak baldintzatu gabe".