Maiatzaren 17an hasiko dira 2024ko Pentekosteak, Bitorianatxoren jaitsierarekin, eta bost egunez luzatuko dira. Aurtengo egitarau osoa iragarri dute Jai Batzordeko kideek. Eskaintza zabala izango dute aurtengo jaiek, eta antolatzaileek nabarmendu dute 150.000 euroko inbertsioa egin dela. Aspaldiko Pentekoste parte-hartzaileenak direla iragarri du Maite Usabiaga, Kultur zinegotziak: "Jai batzordea aspaldiko jendetsuena izan da. Aurten, jai bueltan ibiltzen diren eragileen ordezkariez gain, herritarrak ere animatu dira jai batzordean parte hartzera". Horrek, kezka eta proposamen berrien agerpena eragin du, eta horrenbestez, hainbat berrikuntza izango dira aurtengo egitarauean.
Egitarauko berrikuntzak
Berrikuntzekin hasteko, 8-12 urte bitarteko gaztetxoentzat eskaintza zabalagoa izango dela iragarri dute antolatzaileek. Adin tarte horretako gaztetxoentzat hutsune handia zegoela identifikatu dute Jai Batzordeko kideek, eta hainbat ekimen antolatu dituzte. Ekimen hauen artean kaleko dantza tailerra, ginkana bat eta gaztelekuan egingo den gazte bazkaria nabarmendu daitezke.
Beste berrikuntza bat baltsa jaitsiera berreskuratzea izan da. Hainbat urte igaro dira baltsa jaitsiera azkenengoz egin zenetik, eta aurten Xaxauko kideek iragarri dutenez, berreskuratu egingo da: "Urte asko pasatu dira ekintza hau azkenekoz egin zenetik, eta gu urteak goaz berreskuratu nahian. Aurten, egi bihurtuko da". Kuadrilla bakoitzak baltsa bat sortu beharko du, eta horrekin ibaian behera jaitsi, autobus geltokitik Bideberriraino.
Bergarako Erraldoi Taldeak ere bere alea jarriko du, dantzari itxurako bi erraldoiren aurkezpenarekin. Dantzak Bergarako kulturan duen garrantziari balioa eman nahi izan diote bi erraldoi berriekin. "Ideia herriko dantza taldeei omenaldi bat egitea zen. Ohitura asko dago Bergaran, eta ongi iruditu zitzaigun horrela izatea" adierazi du Ibon Gantxegi taldekideak. Erraldoi Taldeak Udalaren eta Jardunen laguntza izan du, eta ikastetxeetan erraldoi berriendako izen proposamenak jasoko dira.
Musika taldeak
Jaietan musika talde ezberdinen presentzia nabarmena izan ohi da. Aurten ere, puntako musika taldeak izango dira jaietan. Hauen artean, Su Ta Gar, Janus Lester, Xabi Solano, Raimundo El Canastero, Trikidantz, Unidad Alavesa eta Haize Arrosa nabarmentzen dira. Hala ere, hauek ez dira musikari bakarrak izango. Jaietako azken egunean, adibidez, DJ Jonkass-ek emanaldia eskainiko du, eta honekin batera holi festa egingo da San Martin plazan.
Janari txosna
Xaxauren eskutik heldu den beste berrikuntza bat hiru egunez luzatuko den janari txosna izango da. Beste urte batzuetan ere jarri izan zen halako txosna bat, baina denborarekin desagertu egin zen. Aurten, baltsa jaitsierarekin egin bezala, berreskuratu egin dute: "Berreskuratzeko lana egin dugu. Herriko hainbat talde eta norbanakoekin berba egin eta gero, lortu dugu. Herritarrez osatutako talde bat aurkeztu da hori kudeatzeko gertu, eta gu oso pozik gaude".
Kartela
Mikel Aginagalde ilustrtzaile eta tatuatzaile bergararrak irabazi du aurtengo Pentekosteetarako kartel lehiaketa. Guztira 14 kartel aurkeztu ziren lehiaketara, eta herritarren bozkei esker, ‘Aste ta Jai, Beti Alai’ izena daraman kartela nagusitu da. Pozez hartu du Aginagaldek saria, eta aitortu du ilusio berezia egiten diola: "Bergararra izanik, sekulako ilusioa egiten dit herriko kaleetan zehar nik egindako kartela ikusi ahal izateak".