Janari txosna eta baltsa jaitsiera Xaxauk Pentekosteetarako antolatutako egitarauko berritasunak

Mirari Altube Arrese 2024ko api. 26a, 13:27

Xaxauk prestatutako egitaraua aurkezteko elkartutakoak.

Xaxauk aurkeztu du Pentekoste jaietako egitaraua eta hainbat berritasun iragarri ditu. Txosnagunea Bideberrin egongo da ohi legez, eta janari txosna jarriko dute aurten. Egitarauari dagokionez, ostera, berreskuratu egingo dituzte rock maratoia eta baltsen jaitsiera. Eta aurtengo talde omendua Bergarako Musika Eskola izango da.

Jaietarako ilusio handiarekin aurkeztu dute egitaraua Xaxauko kideek eta azken "hilabeteetan egindako lanaren" berri "gogotsu" eman dute.

Janari txosna hiru egunetan

Txosnagunea Bideberrin egongo, da ohi legez, aurten janari txosna berreskuratu delako pozik agertu dira: "Berreskuratzeko lana egin dugu. Herriko hainbat talde eta norbanakoekin berba egin eta gero, lortu dugu. Herritarrez osatutako talde bat aurkeztu da hori kudeatzeko gertu, eta gu oso oso pozik gaude". Bariku, zapatu eta astelehenean egongo da zabalik 20:00etatik 23:00etara bitartean.

Egitaraua

Aurten Bergarako Musika Eskola omenduko dute, musikari dagokionez "erreferentea" delako herrian eta Bergarako musikari eta talde askoren "harrobi" izan delako. 40. urteurrena ospatzen dabil eskola aurten.

Egitarauan ere badaude berrikuntzak. Horien artean dago astelehen goizean egingo den baltsen jaitsiera: "Urte asko pasatu dira ekintza hau azkenekoz egin zenetik, eta gu urteak goaz berreskuratu nahian. Aurten, egi bihurtuko da". Kuadrillaka baltsa bat sortu beharko dute eta baltsa horretan igota, ibaian behera jaitsi beharko dira autobus geltokitik Bideberriraino. Ekintza horretan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, baina aurrerago emango dituzte horretarako argibideak.

Bestetik, garai baten egiten zen rock maratoia ere berriro antolatu gura izan dute: "Ostegunean, muntatze lanekin batera, garai batean egiten zen rock maratoi antzeko zerbait prestatu dugu, jaien aurretik giroa berotzen hasteko". Auzolanean muntatze lanak egin ondoren, Egino Mallea plazan (Arrano-Etxagi inguruan) herriko talde, bakarlari eta musikariek kontzertuak eskainiko dituzte.

Egitarauari dagokionez "eguneko egitarau osatuaren" aldeko apustua egin dute, gauerako "eskaintza zabala" antolatuta.

Hona hemen hori:

Maiatzak 16, eguena
  • 16:00 Muntatze lanak.
  • 19:00 Are you ready? Jaiak datoz! kontzertuak Egino Mallea plazan.
Maiatzak 17, egubakoitza
  • 15:00 Ikasle bazkaria.
  • 18:30 Skapaie elektrotxaranga.
  • 20:30 Txosnen irekiera.
  • 22:30 Kontzertuak: Golden Blend; Unidad Alavesa; Gora Etorri.
  • Ostean, Tekno gaua.
  • 07:30 Xaukena elektrotxaranga eta Gaupasero argazkia.

Maiatzak 18, zapatua (Gure Artera Eguna)

  • 15:00 Preso eta iheslarien aldeko bazkaria.
  • 16:00 The Sakamantekas.
  • 19:00 Guateke More Ibiltaria.
  • 22:30 Kontzertuak: Lemak; Zilibito Records; Alargun Beltzak.
  • Ostean, DJ Karapaixo.

Maiatzak 19, domeka (Musika Eskola Eguna)

  • 12:30 Bergarako Musika Bandaren kontzertua, Espoloian.
  • 15:00 Txomingero bazkari musikatua, herriko musikariek girotuta.
  • 18:30 Fanfarrea.
  • 19:00 Kontzertua: Xabi Solano Maiza.
  • 21:00 Afari herrikoia.
  • 22:30 Korto lehiaketa.

Maiatzak 20, astelehena

  • 11:30 Baltsa jaitsiera.
  • 20:00 Trikidantz.
  • 23:00 Kontzertuak: Sukena; Raimundo el Canastero.
  • Ostean, karaokea.

Maiatzak 21 martitzena

  • 17:30 Potx eta Lotx pailazoak.
  • 19:00 Desmuntatze lanak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak