Bihar irekiko dute AP-1eko Lesarriko tunela, Gasteizko noranzkoan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko api. 26a, 14:23

Irailean hasi zituzten birgaitze integraleko lanak AP-1eko Lesarriko tunelean, eta, zazpi hilabeteren ondoren, bihar, apirilak 27, zabalduko dute, Gasteizko noranzkoan. Gaur gauean itxita egongo da azkeneko lanak egiteko.

Maria Ubarretxena Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak adierazi duenez, "modernizazio lanak" dira eginikoak, "inbertsio potoloarekin": %40a obra zibilera bideratu dute, batik bat tunelaren estaldura indartzera eta drainatze sistema berritzera; eta %60a, berriz, teknologia guztia berritzera. "Une honetan tunel guztia zentro kontroletik ikusteko aukera ematen digun kamera sistema bat dugu, edozein intzidentzia uneoro ikusteko; efizientzia energetikoari dagokionez, berriz, guztiz efizientea den hodi batean gaude, led argiak dituena, megafonia eta bentilazio sistema banarekin. Europako zuzentarauak guztiz betetzen dituen tunel eta moderno seguru bat da".

Haren hitzetan, 1.200 metroko luzera du tunelak, eta bost ebakuazio galeria ere berritu dituzte: horietatik lau pertsonak ebakuatzeko eta beste bat larrialdietarako ibilgailuendako. Hori guztia martxan jarri dadin, ordea, azkeneko lanak egingo dituzte gaur gauean, esate baterako, 1.300 metro hesi baitaude kentzeko; ondorioz, AP-1 autobidea guztiz itxita egongo da Bergara eta Maltzaga artean gaueko bederatzietatik bihar goizeko bederatziak arte.

Behobiarako noranzkoan dagoen tunela, ordea, berritzeko dago oraindik, baina uda ondoren egingo dituzte lan horiek, iraileko bigarren hamabostalditik aurrera. Hogei milioiko inbertsioa dute zehaztuta bi tunelen lanetarako, eta espero dute 2025eko maiatzean erabilgarri egotea trazadura guztia.

Gipuzkoako tunelak

Uberretxenaren hitzetan, Gipuzkoan tunel "asko" daude, eta horietatik hamalau "europar zuzentarauetara egokitu beharrekoak" dira: "Izan ere, korridore transeuropearrean dauzkagu eta bostehun metro baino gehiago dituzte. Horietatik zortzi ditugu AP-1ean, eta Lesarri da horietako bat. Hala, lan honetan jardungo dugu buru-belarri Foru Aldundiak eta baita Bidegik ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak