Gimnasioa bogan, eta "kezka" haren erabileran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko api. 29a, 11:42

Bergarako Agorrosin kiroldegiko arduradunek ohar bat bidali diete guraso diren erabiltzaileei gimnasioa erabiltzen duten 14 eta 17 urte arteko seme-alabarik izanez gero haiekin berba egitea "biziki" gomendatzeko; haien ariketekin eta dinamikekin "kezkatuta" dago Kirol Zerbitzua.

Agorrosin kiroldegiko fitness gelek orain arte bizi izan ez duten mugimendua ari dira izaten azkenaldian, asko hazi dira-eta zerbitzu horren erabiltzaileak. Eta hazkunde horretan nabaria izan da gazteen eta, bereziki, nerabeen presentzia; fitness gela horiek 14 urtetik gorakoek erabil ditzakete, baina, hain zuzen ere, asko dira 14 eta 17 urte arteko erabiltzaileak. Gaur egun, bi fitness gela daude, eta, maiz, beste gela batzuk ere erabili behar izaten dira gimnasioko ariketak egiteko; izan ere, ia arratsalderoko kontua izaten da edukiera gainditu delako hesia jarri behar izatea, ez dadin erabiltzaile gehiagorik sartu.

Udan zehar makineria berritzeko asmoa ere badu Udalak, eta fitness gelen erabilera handia mantendu egiten bada "beste irtenbide bat" bilatu beharko dutela adierazi dute.

Formakuntza eskaintzen segi

Bergarako Udaleko Kirol Zerbitzuak fitness gelako begiralea mantendu egingo du, aholku profesionalak eman ditzan, eta aurreratu du ekainera begira express izeneko saioak gimnasioaren erabilerarekin izango dutela lotura: "Ordu erdiko formakuntza saio motzak dira; nahi duguna da kalterik ez sortzea. Izan ere, indar entrenamenduak bereziki zaindu behar dira gorputza hedapen fasean dagoenean. Nerabeak egiten dituzten ariketa horien inguruan ahalik eta kontzienteen izatea bultzatu nahi dugu; guk ezin dugu askoz gehiagorik egin formakuntza eskaintzea baino. Konturatu gara nonbaitetik hartzen dituztela entrenamendurako programak, eta uste dugu hor badagoela arrisku bat", esan du Udaleko Kirol Saileko arduradun Iñaki Ugarteburuk.

Kirol Zerbitzuan badakite ez dela Bergarako errealitatea bakarrik: "Hemen eta beste hainbat tokitan gertatzen ari da, baina guri dagokigu Bergarakoekin arduratzea. Gurasoei eskatu nahi diegu seme-alabekin berba egin dezatela, besterik gabe".

Iñaki Ugarteburu: "Formakuntza eskaintzen segituko dugu"

Udaleko Kirol Saileko arduradun Iñaki Ugarteburuk GOIENAren galderak erantzun ditu.

Zerk sortu dizue kezka?

Azkenaldian, nerabe asko joaten dira fitness gelara, eta apur bat kezkatuta gaude euren entrenamenduekin eta daroaten dinamikekin. Astean hainbat orduz begirale profesionala izaten dugu aholkuak emateko, baina nerabe horietako askok apenas egiten diote jaramonik. Edo, behintzat, igarri dugu oso gutxi galdetzen dutela. Indar entrenamendu gogorregiak egiten dituztela uste dugu eta ikusi dugu batzuek proteinak eta bestelako produktuak ere hartzen hasi direla.

Ze neurri hartu dituzue?

Adin txikikoak direnez, oraingoz ohar bat bidali diegu gurasoei esanez jakingo dutela euren seme-alabek gimnasiora etortzeko ohitura dutela eta horren inguruan berba egin dezatela. Guk formakuntza eskaintzen jarraituko dugu, baina ezin dugu inor behartu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak