Rodriguezek gainerako alderdiei eta bereziki EAJri kanpaina lokaztu izana leporatu zien eta apirilaren 21ean bi ereduren artean aukeratu beharra dagoela nabarmendu zuen: "Botoa betikoei eman, betikoekin elkar daitezen betikoa egiten jarraitzeko, edo EH Bilduk ordezkatzen duen aldaketari bide eman".
Aldaketa hori gauzatzeko burujabetzaren bidean urratsak eman beharra dagoela ere adierazi zuen EH Bilduren hautagaiak: "Biribilgune autonomistari bueltak ematen jarraitu edo burujabetzaren bidean urrats sendoz aurrera egin. EH Bilduk garbi dauka herri honek aurrera egin behar duela burujabetzaren bidean. Burujabetza une honetan parez pare ditugun erronkei erantzun eraginkor bat eman ahal izateko tresnen eta ahalmenen sinonimo delako".
Rodriguezek ekitaldia amaitu zuen irmoki esanez aldaketa badatorrela eta orain dela aldaketa horretarako unea: "Emakumeak, gizonak, pentsionistak, gazteak, langileak, langabeak... Askoz gehiago gara, indartsuagoak gara, elkarrekin gaude. Eta gure unea da orain; ez dugu gehiago itxarongo, gure unea da orain".
Ekitaldian zehar Maite Aristegi eta Unai Arantzabal bergararrek bertso bana kantatu zuten eta bertsoen ostean Izar Odriozolak Jose Luis Otamendiren Aldaketak datoz mundura poema errezitatu zuen Ekaitz Aranberriren gitarraren laguntzaz.