Jose Luis Elkoro: "Pena handia dut hor zuen artean ez izateagatik, baina burua hor daukat eta nire ondoan sentitzen zaituztet"

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko api. 13a, 17:02

Aurpegi ezagun asko elkartu dira Bergarako udaletxeko areto nagusian Jose Luis Elkororen bizitza jasotzen duen Han egon zen! liburuaren aurkezpen ekitaldirako. Bizitza betea izan du Elkorok eta bidelagun asko ibilbide horretan. Eskualdeko ordezkaritza zabala egoteaz gainera Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritakoak ez dira gutxi izan. Ondoezik egon da Elkoro aurreko asteotan, eta indartu bidean asteon etxean grabatutako bideo bidez entzun dira haren hitzak ekitaldian.

Ekitaldia hasterako lepo bete da Bergarako udaletxeko areto nagusia. Aspaldiko lagunen arteko agurrak eta besarkadak ez dira gutxi izan, eta berotasun keinu ugari jaso dituzte Jose Luis Elkororen emazte Mari Karmen Ayastuik eta hain seme-alabek. Senitartekoak zein gertuko lagunak lehen lerroetan eseri direnean eman diote hasiera ekitaldiari.

 

Gorka Artola alkateak, Mikel Zubimendi idazleak, Txalaparta argitaletxeko editore Garazi Arrulak eta Elkororen adiskide Manolo Cainzosek hartu dute hitza ekitaldian. Elkorok, gaixotasun batetik indartzen, bideo bidez hartu du parte. Indartsuak izan dira haren hitzak eta esker onekoak, gehienbat. Hemen Elkorok esandakoak:

 

"Egun on gaur Bergarako udaletxera hurbildu zareten lagun guztioi. Marka da nire bizitzaren aurkezpenean ni ez egotea; hau da hau!

 

Pena handia dut, hor zuen artean ez izateagatik, baina burua hor daukat eta nire ondoan sentitzen zaituztet. Nigandik oso hurbil eta horrek sekulako poza eta indarra ematen dit. Nire bizitza jaso du Mikelek orain aurkeztuko duen liburuan. Bide luzea izan da jaso duena; gorabeheratsua, gehienetan aldapan gora ibilitakoa, baina betea eta bizipozez egindakoa. Eta bizi ibili horren bide zati handi bat zuekin egin dut: familia, lagunak, burkideak... Ze ederra izan den zuekin ibiltzea! Ze harro nagoen zuekin bidea partekatu izanaz!

 

Eskerrik asko bene-benetan. Eta ez pentsatu hau erretiroa denik. Gero eta hobeto nago, indar handiarekin eta laster batean zuekin izango naiz berriro eskuz esku. Besarkada bana. Maite zaituztet!".

 

Lagunen eta gertukoen hitzak

 

Txalo zaparrada luzea jaso dute Elkororen hitzek. Ondoren etorri diren hitzartzeetan bergararraren bizi ibilbidea ekarri dute gogora Gorka Artolak, Manolo Cainzosek, Mikel Zubimendik zein Garazi Arrulak.

 

Arrulak zera nabarmendu du: "Txalaparta argitaletxean joera daukagu biografiak argitaratzeko. Ez naiz hemen transmisioaren eta kontakizunaren garrantziaz hasiko; ongi baino hobeto dakizue zuek denok, baina proposatu zigutenean, nola ez argitaratu Jose Luis Elkororen biografia! Mikelek lan zaila zeukan ibilbide oparo hori liburu batera ekartzen, eta uste dut gainditu duela zeregin zail hori. Azpimarratuko nuke egiteko modu bat erakusten duela Jose Luis Elkorok".

 

Manolo Cainzosek, berriz: "Bide bat egin dugu elkarrekin Jose Luisek eta biok, eta bide horretan ekintza, proiektu eta utopia asko konpartitu ditugu. Bere bizitza betean hainbat lagun, adiskide eta kolaboratzaile egin ditu, eta prozesua beti berdina izan da; arazoei aurre egitea, proiektuak aurrera eramatea eta herritarrak integratzea. Eta beti taldean. Guztiaren gainetik, Jose Luis pertsona leiala, zintzoa, eta beti eta denongatik konprometitua da. Benetan, Bergarak badauka beste magnolia bat bere fruituekin".

 

Artolak eredu moduan jarri du Elkoro, eta Zubimendik haren bizitzaren laburpena egin du aurkezpenerako.

 

Familia hunkituta

 

Mari Karmen Ayastuik eta Elkororen seme-alabek berotasun handia sumatu dute gaur. Pena zuten Jose Luisek egoterik ez izatea, eta horrek are eta gehiago hunkitu ditu. Honela zioen Kristina Elkoro alabak aurkezpenaren ostean: "Oso hunkigarria izan da. Denbora asko eraman du liburu hau prestatzeak eta aspalditik zegoen aurkezteko. Heldu da eguna eta pena izan da bera ez egotea; azkenengo bi asteotan gaixotu egin da, eta nahiko ukituta dago. Egoterik ez izateak, gainera, are eta hunkigarriagoa egin du ekitaldia guretzako. Baina bera ondo dago, liburua nahi zuen bezala argitaratu da, eta bere lagunak eta berarekin hainbat bizipen konpartitu dituzten pertsona ezagun eta garrantzitsu asko etorri dira. Berotasun hori oso garrantzitsua izaten ari da guretzako, eta transmitituko diogu. Berarentzako ere oso garrantzitsua izango da, ziur".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak