Maite Usabiaga Bergarako zinegotziak azaldu duenez, "gure herriko haurrei alternatiba ezberdinak eskaini nahi dizkiegu udako sasoira begira. Eskaintza hau ahalik eta anitzena izatea nahi dugu, hori dela eta, azken urteetan hain emaitza onak eskaini dituen plangintza mantenduko dugu, artetik kiroletaraino doana".
'Udakikuka' lelopean
Berrikuntzak ere izango dira aurtengo udalekuetan. Lelo bat pentsatu dute udaleku guztietarako, eta kamisetek egingo dituzte Bergaran udakikuka esaldia idatzita izango duena. "Hitz jolas bat da. Uda, batetik, eta bestetik, kikuka; kikuka ibiltzea omen da antzinako ezkutaketa jolas bat da. Pentsatzen dugu guztiz bat datorrela udalekuen izaerarekin; eta gero, ki kirola, ku kultura beste adierazpen batzuk ditugu, eta oso aproposa iruditu zitzaigun", azaldu du Usabiagak.
Udaleku irekiak ekainaren 24tik uztailaren 19ra izango dira –hiru astekoa, uztailaren 12ra arte–, eta izena eman daiteke apirilaren 15etik maiatzaren 5era; www.bergara.eus-en, BAZen edo udal liburutegian. Haurrek ondo pasatzea helburu izanda, zenbait balio transmititzea ere nahi dutela azaldu dute Jardun Euskara Elkartetik. Gaineratuz, hezitzaileak zaintzea ere ezinbestekoa dela. "Ez ba bakarrik jolasa. Jolasak balio batzuk ditu eta guk balio horiek landuko ditugu. Hezitzailea izatea, euskalduna izatea, inklusiboa… haurrak ondo pasatzea, eta, horrekin batera herrian presentzia izatea…", azaldu du Saioa Garitanok, Jardun Euskara Elkarteko aisialdiko koordinatzaileak.
Ikasteko tartea hartuz
Aisialdia eta dibulgazio-zientifikazioa uztartzeko tartea ere hartu nahi dute eta horretarako, Laboratorium museotik, eragile askorekin zenbait ekintza prestatu dituzte. Honela azaldu du Rosa Errazkinek, Bergarako Laboratorium Museoko zuzendariak: "Astebete irauten duen campus teknologikoa Migel Altunarekin elkarlanean, gaur egungo eskaintza teknologikoaren berri emango dugu, eta, gero, gazteei ideiak ematea beraien etorkizun profesionalean zer egin nahi duten laguntzeko…".
Kirol eskaintza betea
Udako kirol campusa udaleku irekien data berberetan egingo da eta izena eman ahalko da apirilaren 15etik 28ra; www.bergara.eus-en edo Agorrosinen eman ahalko da izena. HeLburua urteroa dela azaldu dute.
Bergarako Udaletik azpimarratu dutenez, udaleku irekiak aukera paregabea dira Bergarako ume guztiak elkartu eta euskaraz, aisialdi hezitzaileaz gozatu dezaten, eta beraz izena emateko eskatu diete haur eta nerabeei. Kirolak lantzea, kirolak ezagutzea, kirolak dituen balio ezberdinak garatzea, taldean lan egiteko lankidetza, bizidetza… hortik bideratuko ditugu udalekuak", azaldu du Unai Orgazek, Kirol Campuseko koordinatzaileak.