ALBISTEAK

Osakidetzaren "gainbehera" salatu eta "zutik jartzeko" proposamena aurkeztu du EH Bilduk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko mar. 25a, 15:17

Osasun zerbitzu publikoak azken urteotan izan duen "gainbehera" salatu eta Osakidetza "zutik jartzeko" proposamena aurkeztu du Debagoieneko EH Bilduk gaur Arrasaten, Debagoieneko ospitale aurrean egindako agerraldian. "Gainbehera" horren adibidetzat jarri dute, besteak beste, Arrasateko anbulantzia medikalizatua "hainbatetan" egon dela medikurik gabe.

Eusko Legebiltzarrerako hautagai Rebeka Uberak eta Arrasateko, Oñatiko, Bergarako, Elgetako, Aretxabaletako eta Eskoriatzako alkateak, eta Antzuolako alkateordea Debagoieneko ospitalearen atarian egindako prentsaurrekoan.

Medikuntza espezializatuko "hutsuneak"

Oñatiko alkate Izaro Elorza egin du berba Debagoieneko egoeraz. Tartean, medikuntza espezializatuan diren "hutsuneetan" jarri du arreta: "Azken urteotako politikek norabide okerrean jarri dute Osakidetza, eta Debagoienak ere nabari ditu horren eraginak. Medikuntza espezializatuan, esaterako, okertzen ari da egoera. Gabezia handia dago medikuetan, pediatretan… Espezialista gehienak Gasteizko ospitalean daude zentralizaturik. Horri buelta emateko neurriak behar dira". Eta azken hilabeteotan Arrasateko Erakunde Sanitario Integratuan (ESI) izandako obra iragarpena ere aipatu du Elorzak: "Obrak iragarri dira, bai. Baina ezin daiteke ahaztu horma horien barruan behar moduko zerbitzua eskaintzeko plantilla falta dela. Osasun alorreko profesional gehiago behar dira".

Horrez, Oñatiko alkateak azaldu du ez dela lehen aldia Debagoieneko anbulantzia medikalizatua medikurik gabe geratzen dena: "Udan, Emergentziak ESI-an eskualdeko anbulantzia medikalizatua mediku gabe egon zenean, Debagoieneko alkateok ekimena hartu genuen eta halakorik errepika ez zedin neurriak eskatu genizkion Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuari. Erantzun zigun esanez bermatua zegoela kalitatezko arreta, eta sarean egiten zela lan, salbuespena izan zela… Bada, denborak ez dio arrazoia eman. Are: egoera okerrera egiten ari da. Horren adibide dugu azken astea".

Pertsonal politika, "egungo egoeraren eragile"

Eusko Legebiltzarrerako EH Bilduren hautagai Rebeka Uberak Osakidetzarako EH Bilduren proposamena azaldu du. "Gure konpromisoa aurkezten dugu osasunaren zaintza sustapen eta prebentzioan oinarritutako osasun sistema publikoa eraikitzeko. Eta ez, orain arte bezala, gaixotasunean zentraturiko sistema batean. Batez ere, asistentzian zentratua egon dena".

"Bi begirada nagusitatik" lan egiteko konpromisoa hartu du koalizio subiranistak. Alde batetik, osasun politikak "gainerako politiketan txertatzea" proposatzen dute, prebentzioan sakontzeko helburuarekin, eta ingurune osasuntsuak eraikitzeko. Bestetik, Osakidetzaren indartzean lan egiteko konpromisoa agertu dute: "Zentzu horretan, ezinbestean indarrean dagoen pertsonal politika aldatu beharra dago, urtetako pertsonal politikak behin-behinekotasuna sustatu duelako eta horrek ekarri duelako Osakidetzaren gaur egungo egoera".

Osakidetzan erabili diren pertsonal politikak ekarri dute, Uberaren esanetan, "mediku-paziente arteko jarraikortasuna apurtzea Lehen Arretan, arretak kalitatea galtzea, profesionalen motibazio eza, profesionalen ihesa... Egoera horri aurre egiteko, profesionalak erakartzeko kontratazio eredua landu beharra dago ezinbestean, tartean, lanpostu egonkor eta iraupen luzekoak abiaraziz edota kontratu erakargarriak eskainiz, esaterako, asistentziarekin, ikerketarekin eta formazioarekin loturikoak. Era berean, kategoria guztietan egon behar litzateke ibilbide profesionala garatzeko aukera", gaineratu du.

"Lan egiteko moduak" aldatzeko proposamena

Eta gobernantza eredua ere jarri du Uberak mahai gainean: "Lan egiteko moduak, gobernantza eredua bera, aldatzea planteatzen dugu; eta Erakunde Sanitario Integratu (ESI) bakoitzean herritarren ikuspegia txertatzeko baliagarri liratekeen maila ezberdinetako parte hartze instrumentuak aktibatzea. Era berean, uste dugu, itxaron zerrenden gardentasuna bermatzeko, garrantzitsua dela horiek herritarren eskura jartzea".

Proposamen horiek gauzatzeko EH Bilduk ezinbestekotzat jo du lehen lerroan "kudeatzaile onak" jartzea, osasun sistemaren esparrua ezagutuko dutenak. Zentzu horretan, azaldu du  langileek parte hartu beharko luketela Osakidetza berrindartzeko prozesuan. "Halako prozesu bat langileekin batera egin beharra dago derrigor". azpimarratu du.

Erakunde Sanitario Integratuko "egoera kaskarra islatzen" duten datu batzuk

EH Bilduk honako datu hauek eman ditu Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuaren (ESI) gainean:

  • Barne medikuntza: bi urte daramate hiru espezialista gutxiagorekin, guardiak beste espezializazio batzuetako medikuekin ordezkatuz.
  • Kardiologia: mediku bakarra dago, itxaron zerrenda oso luzeak eta zitak hainbatetan atzeratzen dira
  • Anestesistak: Debagoienean ez daude espezialistak eta beste zentro batzuetatik ekartzen dituzte guardiak egiteko.
  • Errehabilitazioa: hirutik bakarra dago iraila ezkero, eta itxaron zerrenda atzerapen luzea darama.
  • Erreumatologia: ez dago profesionalik eta urtebete baino luzeagoa den atzerapena dago.
  • Dermatologia: mediku bakarra dago, ia beti bajan dagoena eta ordezkatzen ez dena.
  • Lehen Mailako Arreta: Oñatin bi kupo daude osatzeke duela bi urtetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak