Euskal Herriko lehenengo bakarrizketa lehiaketa egingo da maiatzean: 'Algaraka'

Mirari Altube Arrese 2024ko mar. 21a, 08:00

Algaraka Bakarrizketa Lehiaketa antolatu dute Jardun euskara elkarteak eta Goiena Komunikazio Taldeak. Lau saio izango ditu, laurak publikoarendako irekiak eta lehenengo kanporaketa eta finala Bergaran egingo dira; bigarren eta hirugarren saioak, ostera, Urretxun eta Zumaian. Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago. Saioak EITBren eta Goiena Komunikazio Taldearen artean ekoiztuko dira eta Primeran streaming plataforman egongo dira ikusgai.

Euskal Herriko lehenengo bakarrizketa lehiaketaren berri emateko elkartu dira Bergarako Seminarixoan antolatzaileak eta babesleak: Bergarako Udaleko Kultura zinegotzi Maite Usabiaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Mari Jose Telleria, Jardun euskara elkarteko Nerea Mendizabal eta Goiena Komunikazio Taldeko presidente Monika Belastegi. Horiez gain, laguntzaileen artean Zumarraga eta Urretxuko eta Zumaiako udalak ere badaude. "Gogotsu" azaldu dira lehiaketarekin elkartutako guztiak.

Mendizabalek azaldu duenez "Euskal Herria bakarrizketagintzaren loraldian dago" eta hori izan da hain zuzen ere lehiaketa antolatzera bultzatu dituena. Ondoren laguntzaile bila hasi ziren aurrera egiteko: "Ideia Goiena Komunikazio Taldearekin partekatu, eta hura martxan jartzeko erabakia hartu genuen elkarrekin". Eta eskertuta agertu da erakunde publikoen aldetik jasotako laguntzarekin.

Bergarako Kultura zinegotzi Usagabiarendako ekimenak badu helduleku oso interesgarri bat, euskara eta kultura bultzatzetik datorrena. "Sortzaile euskaldunak garatzeko aukerak eskaini behar ditugu, etorkizuneko euskal erreferente berriak sortu daitezen, hain beharrezkoak ditugunak".

Telleriak bere aldetik gaineratu du "atsegin handiz" hartzen duela parte ekimenean euskarazko talentua eta kultura sustatzea helburu dituelako, tokiko sortzaileen talentua ezagutaraztearekin batera.

Jardunen eta Goienaren arteko elkarlan horretara EITB ere batu da. Hala, saio guztiak Primeran streaming plataforman egongo dira ikusgai. Goiena Komunikazio Taldeko presidente Belastegik, eskerrak eman nahi izan dizkie proiektuan sinistu eta laguntzera batu diren erakunde guztiei.

Lau saio, bi Bergaran

Lehiaketa maiatzeko lau egubakoitzetan egingo da. Lehenengo kanporaketa, maiatzaren 10ean, eta finala, 31n, Bergarako Seminarixoan izango dira; maiatzaren 17koa, bigarren kanporaketa, Urretxuko Labeaga aretoan; eta hirugarrena, Zumaiako Aita Mari aretoan. Guztiak 20:00etan.

Kanporaketa bakoitzean lau bakarrizketarik hartuko dute parte eta 6 eta 8 minutu arteko bakarrizketa aurkeztuko dute.

Sariei dagokienez lau banatuko dituzte. Lehen saria izango da 1.000 euro, eta bigarrena, 600 euro; gainera, Bergarako tostoiak eta erreilenoak jasoko dituzte biek ala biek. Bergarar onenak 250 euroko bonua jasoko du, herrian erabiltzeko; eta publikoaren saria irabazten duenak Bergarako Zumelaga jatetxean afaria eta Lamaino Etxeberri nekazari-etxean gaua eta gosaria izango ditu.

Epaimahaia osatuko dute hiru lagunek: Idoia Torregarai kazetari eta umoristak, Aner Peritz bertsolari eta sortzaileak eta Josu Zubia kulturgile eta Potx pailazo oñatiarrak.

Saioa aurkezten, ostera, Miren Nogales aktore eta aurkezleak eta Jon Olivares aktore bergararrak jardungo dute.

Izen-emate epea zabalik

Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago apirilaren 19ra bitartean. Parte hartu gura dutenek 2-3 minutuko bideo bat aurkeztu beharko dute.

Izena emateko bi modu daude: komunikazioa@algaraka.eus helbidera idatzita edo algaraka.eus webgunean.

Epaimahaiak hamaika bakarrizketari aukeratuko ditu. Eta publikoak hamabigarren lehiakidea hautatuko du; horretarako aukera izango da apirilaren 22tik aurrera, algaraka.eus webgunean. Aukeratu guztien izenak apirilaren 29an jakinaraziko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak