ALBISTEAK

'Begirada' saiakera politikoa aurkeztu du Otxandianok Olaso dorrean

Josu Bilbao Atxutegi 2024ko mar. 18a, 09:00

Aurkezpenaren aurretik bailarako alkateekin eta EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburu Nerea Kortajarenarekin elkartu da lehendakarigaia Debagoieneko egoeraren diagnostiko bat egiteko eta herrien egoera hobeto ezagutzeko.

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak Begirada, berak idatzitako saiakera politikoa, aurkeztu du gaur Bergarako Olaso dorrean. Otxandiano herririk herri dabil azken asteotan liburua aurkezten, bertan Euskal Herriko egoerari buruzko azterketa egiten baitu. Lehendakarigaiak, saiakera politikoan jaso duen bezala, "lehentasunak ezartzea eta garaiko erronkei aurre egiteko" proposatzen dituen neurrien berri eman du ere.

"Liburuan zein momentu historikotan gauden aztertu dut, eta zelan heldu garen hona herri bezala; zeintzuk diren datozen urteotako erronkak, uste dudalako momentu oso berezi baten gaudela eta aldaketa handiak datozela. Eta aldaketa horien aurrean, herri hau ez dago oso ondo. Beraz, erronka horiei aurre egiteko zein politika eta bultzada behar dugun jaso dut", azaldu du Pello Otxandianok.

Hauteskunde testuinguruan gaudela gogoratu du Otxandianok, eta azaldu du garrantzitsua dela "testuinguru honetan eztabaida politikoaren maila pixka bat igotzea". "Baliatzea hauteskunde hauek herri honen erronken inguruan aritzeko, askotan eztabaida politikoa oso azalekoa izaten delako, eta askotan zarata eta intoxikazio asko egoten delako. Lokatzen ibiltzeko joera egoten da hauteskunde kanpainetan eta gu hortik kanpo egon behar dugula uste dut", adierazi du EH Bilduko lehendakarigaiak.

Aurkezpenaren aurretik, Debagoieneko alkateekin –Leintz Gatzagako eta Aramaioko alkateak ez dira batzarrean egon– batzartu da Pello Otxandiano bailarako egoeraren diagnostiko bat egiteko helburuarekin. Alkateek herrietako egoeraren berri eman diote lehendakarigaiari eta baita EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburu Nerea Kortajarenari ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak