Zientzian, artean eta letretan diharduten emakumeak protagonista Laboratorium Museoan

Txomin Madina Milikua 2024ko mar. 5a, 17:22

Martxoaren 31ra arte museoaren kanpoan ikusi ahalko den 24 emakume-mujeres-femmes izeneko erakusketa Jakiundeko emakumezko akademikoen argazkiak jasotzen dituen  plakekin dago osatuta. Bisita gidatuak eta solasaldi bat ere egingo dituzte erakusketaren bueltan. 

Emakumeek zientzietan, arteetan eta letretan duten papera ikasaraztea. Horixe martxoaren 31ra arte Bergarako Laboratorium Museoaren kanpoaldean ikusi daitekeen  24 emakume/mujeres/femmes izeneko erakusketaren helburua.

Museoaren eta Jakiunderen, hau da Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren, arteko elkarlanaren bidez ekarri dute erakusketa Bergarara eta antolatzaileen esanetan, berau osatzen duten 24 argazkietan, ibilbide profesional luzeak egin ondoren beren diziplinatan bikaintasuna lortu duten Jakiundeko akademikoak agertzen dira,  baita lanean puntako jarduerak gauzatzen dituzten akademiko gazteagoak ere.

Erakusketaren aurkezpenean parte hartu duten Bergarako alkate Gorka Artolak, Laboratorium Museoko zuzendari Rosa Errazkinek eta Jakiundeko lehendakari Jose Ignacio Perezek erakusketaren harira erakundeen artean egon den elkarlana azpimarratu dute eta azaldu dute hainbat esparrutan lan egiten duten emakume horiek ikusarazita "gizartean oraindik ere gehiegitan ditugun genero estereotipoei aurre egin" gura zaiela.

"Zientziaren munduan oso ohikoa da artikuluak abizenarekin bakarrik sinatzea. Eta euskaraz ez, baina gazteleraz eta beste hizkuntza askotan, esaterako, beti maskulinoa erabiltzen dugu eta badirudi zientzialari horiek guztiak gizonezkoak direla. Horrek esan nahi du ikusgarritasun arazo bat dagoela", esan du, bere aldetik, Perezek.

Bisita gidatuak eta solasaldia

Etorkizuneko belaunaldiak inspiratzea ere bada erakusketarekin lortu gura den helburuetako, bat, eta hori, horrela, Lehen Hezkuntza bosgarren eta seigarren mailako gaztetxoendako  bisita gidatuak egingo dituzte.

Era berean, martxoaren 22an, 10:00etan eta Seminarixoan, solasaldia egingo dute Gema Varona, Amaia Arranz eta Mariasun Landa akademikoekin eta jakiundeko idazkari Jakeline Barker izango da moderatzailea. DBHko ikasleentzako eta gaiaren inguruan interesa daukan edozein herritarrendako izango da solasaldia.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak