2024ko Monzon-Ganuza Saria, Jose Mari Esparzari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko ots. 13a, 15:24

Jose Mari Esparza idazle eta editore tafallarrak jasoko du Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak antolatzen duten Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei Saria. Saria emateko ekitaldia martxoaren 7an izango da, Seminarixoan (18:30).

Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzea du helburu Monzon-Ganuza sariak. 2021eko lehen edizioa Seaskako lehen irakasle Libe Goñiri eman zitzaion, 2022koa Jose Luis Elkorori eta Mari Karmen Aiastuiri eta iazkoa, 2023koa, Xabier Amuriza bertsolariak jaso zuen. Laugarren edizioan Jose Mari Esparzak jasoko du saria.

Txalaparta argitaletxearen sortzailea, besteak beste

Iruñeko salestarren eskolan egin zituen ikasketak eta 17 urterekin hasi zen lanean, orduan Luzuriaga eta orain Fagor Ederlan deitzen zuten fabrikan. 20 urtez izan zen metalgintzako langile eta sindikalista bezala, langileen eskubideen defentzadaile. Fabrikan erabili zuen lehen aldiz inprenta bat eta bertan ikasi zuen panfletoak egiten, Fusión obrera aldizkari klandestinoan. Gero editore bezala egingo zuen lana orduan hasi zela esan du sarritan eta bere argitaletxea sortu zuenean ere panfletoak egiten jarraitu zuela, hitzekin eta ideiekin gizartea transformatu daitekeela sinetsita, eta bokazio politiko berberarekin. Luzaroan, Jose Mari Esparza fabrikan lan egiten zuen editore militantea izan zen. 
 
1987an, eta Juanjo Marko lankidearekin batera, fabrikako lana uztea erabaki zuen eta Tafallan bertan, Altafayllan erakutsitako espiritu militante berberarekin, argitaletxe euskaldun, aurrerakoi, profesional eta abertzale bat zabaltzea. Arbasoek komunikatzeko erabiltzen zuten perkusio-tresnaren izena jarri zioten, Txalaparta. Denborarekin, Tafallako euskal argitaletxea, Euskal Herriko argitaletxe historiko bilakatuko zen.
 
2018an, eta editore bezala Txalapartan egindako lana oinarri hartuz, Apología. Memorias de un editor rojo-separatista, Txalaparta, 2018 liburu biografikoa idatzi zuen eta Iparragirreren kantu ezaguna  Euskal Herriko ereserki bihurtzeko mugimenduari bultzada eman zioten bi liburu publikatu ditu berriki, Biografía del Gernikako Arbola. Himno de Euskal Herria, (Txalaparta, 2020) eta Gernikako Arbolaren biografia (Altaffaylla 2020). 
 
Azken hilabeteotan, amaitzear zituenak bukatzen ari dela iragarri du Esparzak eta amaitzen dituenean, guztira, 30 bat liburu izango dituela argitaratuta. Liburuez gain, ehunka artikulu idatzi ditu prentsan eta mugimendu politiko askotan parte hartu du, modu esanguratsuan, besteak beste, Elizaren inmatrikulazioen kontrako kanpainan.  

Ekitaldia, martxoaren 7an

Saria emateko ekitaldia martxoaren 7an egingo dute Seminarixoa aretoan, arratsaldeko sei t’erdiean, eta Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak aurrerago jakinaraziko dute zein izango da saria bera egingo duen euskal artista.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak