Arizondo Argazkizale Elkarteko bederatzi kideren 36 argazkiz osaturiko erakusketa ireki dute Bergarako Aroztegi aretoan. Juan Antonio Unzurrunzaga, Eduardo Rodriguez, Alexander Molano, Iker Agirregomezkorta, Iñaki Zabala, Joseba Leturia, Jose Luis Irazabal, Miguel Angel Inclan eta Juanjo Lopezen argazkiak dira, hain zuzen, erakusketan aurkeztutakoak.
Paisaiak, erretratuak, eraikinak eta beste islatzen dituzte kolektiboko kideen argazkiek, eta, Alexander Molanok azaldu duenez, askotariko gaiak izateak egin du erakusketa "polit": "Argazkilari bakoitzak bere gaia aurkeztu eta bere estilo propioan sakondu du; horri esker, erakusketan gai asko ikusi daitezke. Izan ere, bakoitzak mundua ikusten duen moduan atera du argazkia. Kolektiboko argazki erakusketa polita gelditu zaigu horrela".
"Uraren bibrazioen bitartez emozioak azaldu ditut", dio argazkilariak. Molanok erakustaldirako aukeratutako argazkiak "salbuespentzat" hartzen ditu; izan ere, erretratuak ateratzen ibili ohi da: "Pertsonak ezagutzea gustatzen zait, haiekin egon eta ingurua ezagutzea; erretratuak atera ohi ditut, eta salbuespena da oraingoa. Hasieratik argi neukan erakutsi behar nuena; urak dituen bibrazio eta testurak aurkeztea zen nire asmoa, eta horiek lau emoziorekin lotu ditut: beldurra, frustrazioa, introspekzioa eta oreka".
Hasiera baino ez
Urteari erakusketa horrekin eman diote hasiera argazkilariek, baina aurreragorako ere badituzte ohiko zenbait proiektu buruan. "Kolektiboan 21 pertsona gara, eta astero egiten ditugu batzarrak aretoan, urtea antolatzeko. Izan ere, lehiaketak, Bergara Hiriko argazki erakusketa eta lehiaketa, oraingoa bezalako erakusketak eta herritarrentzako tailerrak ere antolatzen ditugu, argazkilaritzaren eta edizioaren gaineko tailerrak", argitu du Arizondo Argazkizaleko kideak.
Esker oneko hitzak
Hilaren 28a arte egongo da erakusketa ikusgai Aroztegi aretoan; herritarrentzako ateak zabalik egongo dira asteartetik ostiralera 18:00etatik eta 20:30era eta zapatuetan 12:00etatik eta 14:00etara eta arratsaldez 18:00- etatik eta 20:30era. Bergaran dagoen argazkilaritzarekiko zaletasuna dela eta, erakusketa ikustera jende asko joan ohi dela aitortu du Alexander Molanok, eta, hain zuzen ere, oso eskertuta dago: "Beti animatzen da jendea; argazkilaritza asko gustatzen zaie herritarrei, eta pila bat eskertzen diegu etortzea".