Azaldu dutenez, ibilgailu gehienetan, espaloi aldeko ispilua agertu da apurtuta edo kaltetua. Martitzenean jasotako datuen arabera, 69 salaketa zeuden erregistratuta; horietatik 51 hamaika Bergarako Udaltzainetan, eta gainerako 18ak Ertzain-etxean.
Gainera, herriko puntu askotan agertu ziren autoetan kalteak. Ertzaintzak emandako kale zerrendaren arabera, besteak beste, Matxiategi, Fraiskozuri plaza, Ibargarai, Toki Eder Plaza, Zabalotegi, Martokoa, Ozaeta eta Ibarra kaleetan aparkatuta zeuden kotxeen gidariek jarri dituzte salaketak.
Kaltetutako auto baten jabearekin hitz egin du GOIENAk. Ez du kamera aurrean atera gura izan, baina oso haserre agertu da. Bere ibilgailuari alboetako bi ispiluak apurtu dizkiote eta marradurak egin.
Sekula ikusi gabeko gertaera
Era berean, Bergarako Udal Gobernuak erabaki du adierazpen publikorik ez egitea, eta momentuz, gertaera barne mailan lantzea.
Ertzaintzaren esanetan, inoiz ez dute ikusi halako neurriko bandalismo ekintzarik herrian aparkatuta zeuden autoetan. Ertzaintza gertaera ikertzen ari da Udaltzaingoarekin elkarlanean, baina jakinarazi dutenez, ez dituzte egileak identifikatu oraindik.
Gainera, herritarrei eskatu diete Bergarako Ertzain-etxera edo Udaltzaingora jotzeko gertaerari buruzko informaziorik izanez gero.