Goiz eta arratsaldez izango da saskibaloia protagonista Bergarako udal pilotalekuan, eta bereziki klubaz haragoko umeei begira antolatzen dute. Aurten ere, aurreko urteetako kopuruen bueltan ibili dira, hau da, 160 bat neska-mutiko arituko dira saskibaloiaz gozatzen. Eta horrekin oso pozik daude BKEko saskibaloi saileko arduradunak.
Zortzi minutuko partiduak
Atzerapenarekin hasi ostean eta talde askotxo daudela aintzat hartuta, erabaki dute goizeko partidu guztiak zortzi minutukoak izatea, ez bada zortzi minutu horiek baino lehenago talderen bat 21 puntutara heltzen.
Esker ona Gipuzkoa Basket klubari
Arratsaldeko azken kanporaketen eta finalen ostean hainbat sari banatuko dituzte, batez ere saskibaloi baloiak eta kirol materiala. Horregatik, BKEko saskibaloi sailak esker ona helarazi nahi izan dio Gipuzkoa Basket klubari eta bereziki Donostiako klubeko kirol zuzendari Jose Luis Zubizarreta Xubi-ri, kirol materiala eta partiduetarako sarrerak emateagatik.