Txuringo erostea, Osintxu biziberritzeko lagungarri

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko abe. 23a, 11:10

Udalak Osintxuko Txuringo taberna eta jatetxea zena erosiko ditu 143.000 euroren truke, auzotarrendako elkargune bat izan dadin. Bestalde, Jaurlaritzak gune degradatu izendatu osteko dirulaguntzetako bat Osintxura bideratuko duen hilabete inguru barru jakingo dute.

2019ko ekainean jaso zuen Osintxuk Eusko Jaurlaritzaren gune degradatu izendapena. Oraingoz, baina, izendapena jaso izanak ez du emaitza ukigarri aipagarririk eroan auzora. Hain zuzen ere, auzotarrek GOIENAri adierazi diotenez, 2024ko urtarrilean jasoko dute gune degradatuentzat bideratutako dirulaguntzen gaineko erantzun bat: "Badirudi bideratuta dagoela, baina konfirmazioa jaso arte ezin ziurtatu...". Dirulaguntzak heldu bitartean, Udalak urrats esanguratsu bat egin zuen asteleheneko bilkuran, auzoan erabateko erreferentzia den Txuringo taberna eta ondoko lokalak erosteko 143.000 euroko inbertsioa onartuta.

Txuringoren erosketa ulertzeko ezinbestekoa da jakitea 2021ean Osintxu Biziberritzeko Lantaldea sortu zutela, honako kide hauekin: Txuringo kultur elkarteko ordezkariak, Osintxuko eskolako gurasoen ordezkariak, Soraluce kooperatibako ordezkaria, Soraluce kooperatibako bazkide osintxuarrak eta Udala –Alkatetza, Hirigintza eta Partaidetza saila–. Lantalde horrek zehaztu duen erronka nagusia izan da hasieratik Osintxuko biztanleria mantendu, errotu eta haztea, auzo "atsegina eta bizigarriagoa" eraikiz.

Txuringo, "estrategikoa"

Izan ere, Osintxu Biziberritzeko Lantaldeak orain arte egin izan dituen bilera guztietan "oso argi" gelditu da osintxuarrentzat "ezinbestekoa" dela auzoko plaza indartu eta biziagoa izatea, eta, helburu horretarako, auzo giroa plazan kontzentratzea "estrategikoa" da. Horretarako Txuringo tabernak ezinbesteko funtzioa betetzen du eta taberna ondoko lokaletan herritarrei zuzendutako zerbitzu publiko eta balioanitza eraikitzea garrantzitsua da, liburutegiarekin batera plazak zentralitatea hartu eta auzo-giroa pixkanaka indartzeko. Horregatik, Udalaren asmoa litzateke, batetik, lokalak erosi eta tabernaren ustiaketa lizitazio prozedura baten bidez gauzatzea eta, bestetik, taberna ondoko lokaletan zerbitzu publikoa sortzea auzotar guztiei irekia.

EAJ abstenitu egin zen EH Bilduren Udal Gobernuak "estrategikotzat" dauka Txuringo erostea Osintxu biziberritzeko bidean, Maite Usabiaga eledunaren arabera: "Osintxu biziberritzeko lanketaren barruan askotariko urratsak egin dira eta horrek ahalbidetu du Txuringo erosi ahal izatea. Osintxuko eguneroko bizitzarako puntu estrategiko bat dela iruditzen zaigu, eta, horregatik, erosketa bera estrategikoa zen. Osintxuarrendako elkargune bat izateko ezinbestekoa zen lokala erostea; orain suertatu da aukera eta aprobetxatu beharra zegoen, argi dugu-eta etorkizunean espazio horrek auzotarrena izan behar duela". Usabiagaren arabera, 2024ko maiatz ingurura arte ez da eskualdaketa gauzatuko: "Gaur egun, Soraluce kooperatibak erabiltzen du Txuringo jatetxea zenaren espazioa, eta asmoa da Udalaren jabetzakoa izatera pasatzea datorren urteko maiatzean edo. Orduan abiaraziko dugu erabileraren gaineko prozesua auzotarrekin batera".

EAJ abstenitu egin zen osoko bilkuran, Txuringoren erosketarekin ados egon arren, lokalari ze erabilera emango zaion ez dagoelako zehaztuta. Jeltzaleen bozeramaile Mikel Letek "proiektu sendoagoa" eskatu zuen: "Erosketa aukera moduan ikusten dugu auzoko beharrak asetzen laguntzeko, baina erosketarekin batera faltan igartzen dugu Udal Gobernuak ze proiektu garatu nahi duen zehaztea. Guk ez dakigu zer egin nahi den Txuringon, eta horregatik jo dugu abstentziora; betiere, jakinda Osintxuk baduela gune degradatu izendapena eta lanketa handia egin behar dela, auzotarren, Udalaren eta gainerako erakundeen arteko elkarlanean oinarrituta. Denon inplikazioa beharko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak