ALBISTEAK

Indarkeria matxistaren biktimei arreta eskaintzeko protokoloa sinatu dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko aza. 20a, 15:25

Bergarako Udalak eta herriko zenbait eragilek indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko erakunde arteko II. koordinazio eta arreta protokoloa sinatu dute gaur udaletxean. Azaldu dute, besteak beste, protokolo berrituak udalerriko emakume guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzen lagunduko duela.

Protokoloa "hainbat eragilerekin eta erakunderekin lankidetzan" egin da, eta jarduera esparru bateratu bat ezarriko du indarkeria matxista jasan duten emakumeei arreta integrala emateko. Sinadura ekitaldian, Gorka Artola alkateak, Martxanterak, San Martin Agirre eskolak, Ipintza institutuak, Mariaren Lagundia ikastetxeak, Aranzadi ikastolak, Miguel Altuna Lanbide Heziketak, Ertzaintzak eta Osakidetzak parte hartu dute. Prozeduren jarraipen egokia bermatzeko, mahai iraunkor bat eratuko da aipatutako eragileekin.

Funtsezko egitekoak

Gaurko agerraldian aditzera eman dute protokolo berriaren funtsezko puntuetako batzuk honako hauek direla:

- Koordinazio eraginkorra: koordinazio mekanismo bat ezartzen da genero indarkeriaren biktimei arreta emateko erakunde eta zerbitzuen artean, hala nola udaltzaingoa, osasun zerbitzuak, gizarte zerbitzuak eta elkarte feministak.

- Arreta integrala: protokoloaren helburua da emakume biktimei arreta integrala ematea, legezko laguntza, laguntza psikologikoa, ostatu segurua eta enpleguaren eta baliabide ekonomikoen arloko aholkularitza barne.

- Sentsibilizazioa eta prebentzioa: Bergarako Udalak sentsibilizazio eta prebentzio kanpainak sustatuko ditu komunitatea indarkeria matxistaren inguruan hezteko eta edozein abusu moduren salaketa sustatzeko.

Aurrekoa "zaharkituta" geratu zen

Lehen protokoloa 2012an onartu zen, indarkeria matxista kasuetan lan egiten duten erakundeen eta Udaleko arloen arteko lankidetzari esker. Hamarkada bat geroago, 2022an, udal gobernuak erabaki zuen berdintasunerako politika publikoen garapenarekiko eta udalerrian artatzen diren indarkeria matxistako kasuen konpromisoa eguneratzea. Horregatik, protokoloa eguneratzeko prozesua jarri zuen abian iaz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak