Bergarako UNEDek ikasturte berriari hasiera emateko ekitaldi akademikoa egin zuen egubakoitz iluntzean. Ricardo Mairal UNEDeko errektoreak azaldu zuen Espainian 132.000 ikasle matrikulatu direla, graduak, graduondokoak eta doktoretzak egiteko; horien %1 Bergaran matrikulatu dira: 1.400 inguru.
Bergarak unibertsitateko ikasketa ofizialak eskaintzen ditu jakintza-arlo guztietan (ingeniaritzak, zientzia, arkitektura, osasun zientziak, gizarte eta lege zientziak, arteak, humanitateak…); zehazki 30 gradu, hamaika gradu konbinatu, 80 master, hamaika mikrogradu, mikromaster bat eta 20 doktorego-programa eskaintzen ditu.
Iñaki Esparza zuzendariak azpimarratu duenez, UNEDen ereduak aukera ematen die ikasleei ikasketak eta bestelako ardurak edo lanak uztartzeko: "Ikasleei ikasketak beren kabuz egiteko aukera eskaintzen diegu, baina Bergarako ikastetxera ere joan daitezke. Horrek aukera ematen die ikasle berriei ikastegia eta bertako langileak ezagutzeko, eta, aldi berean, ikaskideekin eta tutoreekin laguntza-sareak sortzeko".
Diploma banaketa iazkoei
Gorka Artola Bergarako alkateak, Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak, Ricardo Mairal UNEDeko errektoreak eta Iñaki Esparza Bergarako UNEDeko zuzendariak banatu zizkieten diplomak aurreko ikasturtean ikasketak burututako ikasleei.
Bergarako Musika Eskolako Soka Taldearen emanaldiarekin amaitu zen ekitaldia.