Elikadura eskubidea hizpide izango duten jardunaldiak aurkeztu dituzte

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko aza. 13a, 16:25

Bergarako Elikadura Mahaiak Elikadura burujabetzan kataiari helduz izeneko jardunaldiak aurkeztu ditu gaur Oxirondo azokan. "Herritar guztientzako elikadura osasuntsu eta agro-ekologikorako eskubidea bermatzeko herri mailako erantzunetan sakontzea nahi dugu jardunaldiotan", adierazi dute. Bost saio antolatu dituzte: hiru ikastetxeetara bideratuta eta bi herritar guztiendako.

Elikadura Mahaia osatzen dute Bergarako Udalak, Deba Garaia Debagoieneko Landa Garapenerako Elkarteak, Ereindajanek, Ehunduk eta Eskubaratz elkarteak eta azken urteetako bideari jarraipena emanez, elikadura burujabetzan urratsak eman eta herri mailan elkarlanean arlo ezberdinei erantzuteko proiektuak garatzen ari dira.

"Erpin asko" dituen "gai konplexua"

Elikadura burujabetzan kataiari helduz jardunaldiekin beste urrats bat eman nahi dute bide horretan: "Herritarren artean, elikagaien prezioen garestitzea kezka iturri dugu. Hainbat ikerketen arabera, pandemia-denboraren ondoren eta egungo testuinguruak markatuta, erosketa-erabakien parte diren alderdiak kontsumitzailearen buruan berrantolatu egin dira, eta prezioak paper oso nabarmena du kontsumo-erabakietan. Testuinguru honen ondorioetako bat da elikagai freskoak eskuratzeko desberdinkeria areagotu eta ekoizpen zein komertzio txikiaren sektorera zuzenean doazen sarrerak geroz eta baxuagoak direla. Erpin asko dituen gai konplexua izanik ere, agro-ekologiaren norabidean sakondu eta estrategia kolektiboak indartzea ezinbestekoa dugu. Elikaduraren gaineko erabakimena ezin baita izan erabaki pertsonal bat soilik".

Heziketa programa herriko ikastetxeetan

Gaurko agerraldian ere egon dira herriko hiru ikastetxeetako ordezkariak, ekimenean parte hartuko dute-eta. "Eskola-eremua ingurune garrantzitsua da haur eta gazteen elikadura-heziketari dagokionean, jangelatik hasita ikasgelaraino. Programa hau, esparru koordinatu bat garatzeko alde testuinguru bat sortzeko asmoarekin sortu da. Hezkuntza komunitatea osatzen duten kide guztiei informazio eta sentsibilizaziorako aukera bermatuz eta eragile ezberdinekin elkarlanerako bideak zabalduz".

Herritarrei zuzenduta ere ekintza irekiak

Antolatzaileen arabera, sukaldearen bueltan sortzen diren harreman sozialak eta ohiturak ere nabarmen aldatu dira azken hamarkadan: "Besteak beste, elikadura eredu osasuntsu batean oinarrizkoak diren plateren prestaketarako zailtasunak areagotu dira herritar askoren artean: eguneroko erosketen planifikazioa, erosketa gaitasuna, dendari eta ekoizleekin harremanak, merkataritza gune handien indartzea, sukaldaritza herrikoiaren inguruko ezagutza... Tokiko merkatari, sukaldari eta ekoizleen eskaintza zein ezagutza erdigunean jarriz, esperientzia praktikoetan sakontzeko jarduerak antolatu dira".

'Ekoizpen Duina, Kontsumo Herrikoia' ekimena, azaroan zehar 

Ekoizpen Duina, Kontsumo Herrikoia material didaktikoan oinarrituz Bergarako ekoizleekin elikadura osasuntsuaren eta baratzezaintza ekologikoaren inguruko lanketa egingo da ikastetxe guztietako LH3ko ikasleekin. Ikasgela zein baserri-bisita saioetan, sasoiko plater bakoitzaren atzean dagoen lana ezagutuz, elikadura eta bizitza duinagoak garatzen laguntzen saiatuko dira.

'Zure platerean hasten da mundua' ekimena, abenduan

Gabonen atarian ohikoak diren ikasbidairako otarren inguruko ekimena landuko da DBH 3 eta 4ko ikasleekin. Aurtengo berritasuna Debagoieneko produktuekin osatutako otarrak izango dira (gazta, marmelada, gozoak, krema...). Ikastetxeetan muntaketa auzolanean eginez, ikasleek otarrak salduz eta ekimena borobiltzeko eskualdeko ekoizleekin tailerra egingo dute ikasleek.

'Mila kolore, Mila zapore' ekimena, urtarrilean

Mireia Alberdi nutrizionistak LH4ko ikasleentzako Mila Kolore Mila Zapore proiektua landu du. Fruta eta barazkien garrantziaz ohartu eta beraien onurak ulertzeko helburuarekin garatuko da. Zentzumen desberdinak erabiliz, ikasleak gustuko izan ditzakeen fruta eta barazkiak esploratuko dituzte. Eta manipulazio bidez, errezeta erraz eta dibertigarriak prestatuko dira ikasgelan bertan. Eguneroko ekonomia eta herriko ekoizle zein merkatariekin hartu-emanak indartzeko asmotan, haurrekin azokara bisita egingo da.

Ikastaroak eta mahai-inguruak

Kontsumitzaileei elikagaien aprobetxamendua eta eguneroko ekonomia errazteko ikastaroa eskainiko zaie. Eguneroko menu ekonomiko bat garatzeko estrategiak landuko dira herriko sukaldariekin. Data zehazteke dago. Era berean, elikadura eskubidearekin lotutako esperientzien mahai-ingurua ere egingo dute aurrerago, elikagai freskoen eskuragarritasuna bermatzeko proiektu komunitarioen inguruan. Ikuspegi asistentzialista eta estigma gainditzeko estrategiak lantzeko helburuarekin, Euskal Herriko zein estatu mailako proiektuak gonbidatuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak