Euskararen aurkako azken epaien aurrean, "haserre eta kezkatuta" daude EH Bildu eta EAJ

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urr. 31a, 16:00

EAEko Auzitegi Nagusiak "euskararen biziberritzearen aurka" emandako azken epaiak salatzeko Eudelen eta UEMAren adierazpenak onartu ditu udalbatzak, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta alderdi sozialistaren kontrako botoekin.

EAEko Auzitegi Nagusiak azken asteetan euskararen aurka emandako epaiak salatzeko bi adierazpen onartu zituen astelehenean Bergarako udalbatzak. Eudelen eta UEMAren adierazpen horietan salatzen da, besteak beste, Eusko Legebiltzarrak adostasun zabalarekin onartu zuela epaitegiek baliogabetu nahi duten Udal Legea. UEMAko parte da Bergara eta adierazpenean jasotzen denez herritarren eta udalen erabakimena jartzen dute auzitan epai hauek: "Gizartearen gehiengo zabal batek babesten ditu euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hauek euskararen biziberritzearen aurkakoak ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoak ere badira. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen dute auzitan".

EH Bildu: "Suminduta gaude"

EH Bilduk eta EAJk bi adierazpenen alde bozkatu zuten, sententzia hauek euskararen aurkako eraso larriak direla iritzita. EH Bilduko Maite Usabiagak dio "haserre eta kezka handiz" bizi dutela egoera: "Azken epai horiek sumindu egin gaituzte. Euskararen normalizaziorako garatu diren hizkuntza politikak ez dira kapritxo bat izan, denborak erakutsi digu beharrezkoak zirela hizkuntzaren biziraupenerako. Eta ez hori bakarrik, euskarari estatus bat ere eman diete lege hauek. Oraindik lan handia dago egiteko baina esan dezakegu euskaraz egiteko askatasuna badagoela gizarteko esparru batzuetan. Hasten bagara indarrean dauden eta beharrezkoak diren neurri hauek deuseztatzen, atzerapauso handia emango dugu irabazita genituen eremuetan".

Azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioan egongo dira EH Bildu eta EAJ, eta dei egin diete herritarrei bertaratzeko

EAJ: "Oso larriak dira epaiak"

EAJko Mikel Letek uste du sententzia hauek "oso larriak" direla: "Epai hauek kontra egiten diete Eusko Legebiltzarrak onartutako lege bati eta hankaz gora jartzen du Bergarako Udalaren erabakimena. Hori oso larria da, azken urte luzeetan euskara normalizatzeko Udalak egin duen bide emankorra oztopatzeko neurriak dira. Horregatik, azaroaren 4an Bilbon egongo gara eta dei egiten diegu herritarrei manifestazioarekin bat egin dezaten". EH Bilduk ere herritarrak deitu ditu Bilbora.

PSE-EE: "Errua ez da epaileena"

PSE-EEko Alberto Alonsok bi adierazpenen aurka bozkatu zuen, eta debate "askoz sakonago bat" eskatu. Udalbatzaren aurrean ez zuen bere botoa azaldu, baina honako hau erantzun dio GOIENAri: "Demokrazia baten epaileek ez dute erasotzen, epaileek sententziak ematen dituzte. [...] Epailea esaten ari zaiguna da edo legea gaizki idatzita dagoela edo erakundeak daudela legea behartzen onartezinak diren mugetaraino eta, beraz, ez dutela legea ondo moduan betetzen. Hortik aurrera, debatea askoz sakonago baten murgildu gaitezke. Akaso pentsatu behar duguna da azken 40 urteotan ez dugula asmatu hizkuntza politikekin eta debate hori politikaren mundura itzuli behar dela. Akaso horren gainean egin behar dugu gogoeta, baina ez errua epaileei bota".

Protokolo berria eta hitzarmena

Bestalde, aho batez onartu ziren, besteak beste, indarkeria matxista salatzeko erakundeen arteko bigarren protokoloa –2012an egin zen lehena, baina eguneratzeko beharra ikusi dute talde politikoek– eta Mariaren Lagundiarekin hitzarmena, eskola orduz kanpo ikastetxe kanpoko instalazioek erabilera publikoa izan dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak