Grebara batzeko deia egin diete Bergaran, EAEko zerbitzu publikoetako langileei

Miren Arregi Amasorrain 2023ko urr. 12a, 14:00

Urriaren 25ean eta abenduaren 19an grebara deitu dituzte EAEko zerbitzu publikoetako langileak. Lanuzteak ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek antolatu dituzte. Atzo, Bergaran, agerraldia egin zuten sindikatuek eta grebara batzeko deia egin zieten zerbitzu publikoetako langileei.

Azken urteetan zerbitzu publikoetan lan baldintzak eta kalitateak nabarmen okerrera egin dutela argudiatuta, Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiei eskatu diete soldata eta enplegua Euskal Herrian adostu ahal izatea ahalbideratu dezatela.

Lanuzteen bitartez hainbat aldarrikapen gauzatuko dituzte, esaterako, behin-behinekotasun erreala %8tik behera kokatzea. Une honetan, zerbitzu publikoetako lan kontratuen %40 behin-behinekoak direla salatu dute sindikatuek. 

Eros-ahalmena bermatzeko, 2024rako soldaten %10 igotzea ere eskatuko dute. Izan ere, sindikatuek emandako datuen arabera, %20 murriztu da langile publikoen erosahalmena azken bi urteotan.  

Greba deialdiarekin lerrokatuta, Bergaran egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera ere deitu dituzte herritarrak. Urriaren 16an, 18an eta 20an, San Martin plazan izango dira horiek, eguerdiko 12:00etan. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak