Botanika ilustratu duten emakumeengan fokua

Txomin Madina Milikua 2023ko urr. 3a, 19:30

Bergarako Laboratorium museoan Emakumeak Botanikan erakusketa zabaldu dute. Museoko ondarearekin aberastuta, XVII. mendetik gaur arte botanika arloko ilustrazio zientifikoak egin dituzte hainbat emakumeren lanak ikusi daitezke bertan.

Urriaren 3tik urtarrilaren 6ra arte bisitatu ahalko da Bergarako Laboratorium museoan Emakumeak Botanikan izeneko erakusketa. Eguerdian egin dute inaugurazio ekitaldia eta bertan, Bergarako Udaleko zein Laboratoriumeko ordezkariez gain, erakustearen komisario lanak egin dituzten Madrilgo Complutense Unibertsitateko Arte Ederren fakultateko kideek ere hartu dute parte, bisita gidatua eskainiz. “Laboratorium museoa eraikin bizia da, eta bizitasun hori barruan dauden  gaurkoa bezalako erakusketek ematen diote. Bisita gidatua eginda, txundituta geratu naiz”, azaldu du bisitaren ostean Gorka Artola alkateak.

Botanikan, emankorrak

Lucia Moreni Diz izan da erakusketaren komisarioetako bat, eta azaldu duenez, artearen eta botanikaren inguruan egindako  beste erakusketa batean du jatorria Bergaran ikusi daitekeenak: "Horretarako ikertzen ari ginela, emakume ilustratzaile pila bat ezagutu genituen. Hortik sortu zen erakusketa hau egitea, eta ondorioz asko ikertu behar izan dugu. Hasieran gutxi, ez genituelako ezagutzen, baina gero ehunka agertu dira eta Zaila izan dena izan da, erakusketan dagoen kopurura mugatzea".

XVII. mendetik gaur arteko ilustratzaileen lanak bildu dituzte Laboratorium museoan, eta Moreno Dizek argi azaltzen du hainbeste egotearen arrazoia: "Hasieran, emakumeak ez zeuden akademietan onartuta eta ezin zituzten biluzik zeuden pertsonak marraztu, noski. Loreak, landareak zeuden emakumeendako ondo ikusita, eta horregatik ikusten ditugu hainbeste emakumezko ilustratzaile botanikan". Mendeen  joanarekin botanika ilustratzeko orduan egon den bilakaera ere argi geratzen da erakusketan: XVII. mendean bodegoiak eta natura hila dira nagusi, gerora horietatik aldentzen diren eta askoz ere detaile gehiago dituzten ilustrazioak daude eta bukaeran, ilustrazio digitalak ere badaude jasota.

Bergaran aberastutako erakusketa

“Erakusketa hau ekainera arte egon zen ikusgai Donostiako Cristina Enean. Ikustera joan eta gurera ekartzea erabaki genuen”, dio Laboratorium museoko arduradun Rosa Errazkinek, baina gaineratu aberastu ere egin dutela: “EHUko Ilustrazio Zientifikoaren Masterrarekin dugun elkarlana dela eta, ilustrazio zientifikoa  dagoeneko museoaren izaeraren zati da. Nola aberastu pentsatzen jartzean, museoaren zientzia bilduman dauden pieza batzuk erabili ditugu. Ale didaktikoak dira:zientzia instrumentuekin edo  anatomiarekin egiten den moduan, desmuntatu daitezkeen eta osagaiak erakusten dituzten loreak. Botatzera zihoazela eta dohaintzan eman zigun Oñatiko institutu batek, eta guk zaharberritu egin ditugu”.

Erakusketa urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik publiko orokorrarentzat. Denbora tarte horretan eskolekin zein helduekin bisita gidatuak egitea da asmoa, baita, urriaren 21ean, helduendako tailer bat ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak