Ekintzailetza prozesua gertutik ezagutu dute gazteek Ekinola jardunaldietan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko ira. 27a, 19:08

Gaur goizean ospatu dute Ekinolaren hirugarren edizioa Miguel Altunan eta gazteek ekintzailetasuna gertutik ezagutzeko aukera izan dute mahai-inguruarekin eta eurek garatu dituzten ideiekin; talde irabazleak 1.000 euroko saria jaso du. Bestalde, Lacor-Ibili enpresari aitortza egin dio Bergarako Udalak.

Miguel Altuna Lanbide Heziketako eta Mariaren Lagundiko 80 ikasle inguru elkartu dira gaur, hilak 27, Miguel Altunan egin den Ekinola Etorkizuna zure eskuetan ekintzailetza jardunaldietan. Hirugarren aldiz antolatu dute ekimena bi eskolek, Bergarako Udalak eta Enpresare elkarteak elkarlanean, Debagoieneko Mankomunitatearen eta Tknikaren laguntzarekin. 

Ekintzailetza bultzatzeko ekosistema garatzen jarraitzea enpresen eta ekintzaileen arteko harremanak sortuz, negozio ideia berritzaileak partekatu eta lantzea, ekintzailetza espiritua sustatzea sentsibilizazio lanketekin edota enpresa berrien sorrerarako baliabideen mapa ezagutzera eman eta laguntza eskaintzea dira helburuak eta taldekako jardueran murgildu aurretik, bertako ekintzaile eta enpresen testigantzak lehen pertsonan entzun ahal izan dituzte Mikel Larrañaga 'Remak' muralista, The Badass Projecteko Jone Albeniz eta Ion Andueza, TTTn gerente lanetan dabilen Oihana Larrañaga eta Enarak kooperatibako Katherine Astudillo nahiz hari enpresaren sorkuntzan lagundu dion Ariane Kareagak parte hartutako mahai-inguruan.

Ideia onenari saria

Partaideek euren ideiak eta negozio ereduak garatu dituzte, ondoren, hamar kideko zortzi taldetan banatuta, Tazebaez aholkularitza kooperatibak dinamizatutako saioetan. Aholkularitza taldeko dinamizatzailea da Miren Fernandez eta gaineratu du ikasleak "oso aktibo" egon zirela eta "giro ona" izan dutela. Industria, zaintza, kultura, etxebizitza eta kulturartekotasuna izan ziren landu behar izan dituzten gaiak: "Ekinolan berrikuntza irekiko prozesu bat jarraitzen da; erronkatik irtenbidera salto egiten du ikasleak. Hortaz, goiz osoan zehar, soluzio eta irtenbide ezberdinak eman dizkiete jasotako erronkei". Proiektuak garatuta, epaimahaiaren aurrean aurkeztu dituzte eta, 65 puntu eskuratuta, Palets Imeju taldearentzat izan da negozio ideia onenaren 1.000 euroko saria.

Lacor-Ibili enpresari aitortza

Aurtengo edizioan, Lacor-Ibili enpresa bergararra omendu du Bergarako Udalak. "Garai berrietara egokitzeko erakutsitako ahalmen eta adorea" eskertu diote: "Lacor-Ibilik ibilbide luzea dauka, globalizaziora egokitu dira eta munduko merkatuan posizionamendu on bat lortu dute egin duten ibilbideagatik".

Izaskun Larrañaga Lacor-Ibiliko kontseilari delegatuak esker hitzak izan ditu: "Omenaldiak beti politak dira eta gogoz hartzen dira. Gure lana ondo egiten ari garela esan digute eta, pozik gaude". Gazteei ere bidali die mezua: "Ekintzailetasuna lehenengo pausoa da. Lanerako eta jakiteko gogoa behar dira. Ibilbidea egiteko pausoak eman behar dira, eta hurrengo helburua beti hurrengo pausoa izan behar du".


Ainhoa Lete Bergarako alkateordea, eta Alex Familia eta Izaskun Larrañaga Lacor-Ibili enpresako kideak.

Enpresa eta ekintzaileen zubi

Aurtengo ediziorako partaide kopurua 20tik 80ra igo dute, eta egunaren balorazio positiboa egin du Ainhoa Lete Bergarako alkateordeak ekitaldiaren amaieran. Gainera, halako jardunaldiek ematen dituzten baliabideak izan ditu hizpide: "Elkarren beharra duteenpresek eta ekintzaile gazteek, eta jardunaldi hauek horretarako zubia ere badira. Bergarak historikoki izan du ekintzailetzarako grina, eta ekimen honekin izaera hori indartu eta sustatu nahi da, gazteei enpresetan txertatzeko bidea egiten laguntzearekin batera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak