Udako kanpainarekin "pozik", kirol ikasturte berrira begira dago Bergarako Udala

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko ira. 19a, 16:08

Udako denboraldia "baikor" baloratu eta joan den astea Agorrosin garbitzeko eta hobekuntza lan batzuk egiteko baliatu ostean, irailaren 18an eman zion hasiera Bergarako Udalak kirol ikasturte berriari. Denboraldi berrirako aldaketa esanguratsu bat ere iragarri dute: abonatu ez diren kirolari federatuek instalazio publikoak erabiltzeagatik ordaindu beharko duten tasa berria.

Udako kanpainarekin pozik dago kirol zinegotzi Aitor Arantzabal: "Jende asko ibili da ikastaroetan eta igerilekuetan. Esan beharra dago uda osoan birritan itxi behar izan dela kanpoko igerilekua edukiera arazoengatik; gainera, uda erdialdean ireki ziren Labegaraietako ur txorrotek harrera oso ona izan dute".

Sarrera gehiago, eta ur txorrota berrien "harrera ona"

Aurtengo udan 73.066 sarrera kontabilizatu ziren kiroldegian, 2022an baino 7.640 gehiago. Edozein kasutan, ez da edukiera arazorik izan, eta kirol saileko arduradunek uste dute uztailaren 28an ireki ziren Labegaraietako ur txorroten harrera onak lagundu duela horretan. Ur txorrotek martxan jarraituko dute eguraldi ona dagoen bitartean, goizeko hamarretatik gaueko bederatzietara, eta egokitzapen lan batzuk badaude aurreikusita. "Dutxa bat jarriko da eta baita bizikletak eta skate-ak garbitzeko eta konpontzeko gunea. Horrez gain, itxitura ere birplanteatu egingo da eta berdegunea ere tratatu egingo da ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko", adierazi du Udaleko kirol teknikari-buru Iñaki Ugarteburuk.

Matxura Agorrosin berrituko ureztatze-sisteman

Kontrara, espero ez zen matxura bat izan dute Agorrosin futbol zelai berrituko ureztatze sistemarekin. "Harriak sartu dira ureztatze sisteman eta arazo batzuk sortu dituzte; aspertsoreak blokeatu dira, besteak beste. Aurreko denboraldia txukun amaitzeko moduan egon zen baina udako mozketa egon zenean beste arazo bat ere sortu dira. Detektatu ditugu arazo horiek eta uste dugu irtenbidea badugula; itxaropentsu gaude epe laburrean ureztatze-sistema konponduta egotea. Bitartean, Udaleko langileek eskuz ureztatu behar izaten dute, horrek suposatzen duen esfortzuarekin".

Agorrosinen jarraituz, Bergarako Udala pozik dago zelai artifiziala jarri izanak entrenamenduen eta partiduen antolaketa eta erabilera nabarmen hobetu delako eta horrez gain, jakitera eman dute zelai ondoko erabilera librerako gunean behin-behineko lan batzuk egiten ari direla; oraingoz gune hori hesitu egin dute. 

Federatuek ordaindu beharreko tasa berria

Bestalde, ikasturte berrirako aldaketa esanguratsuenetako bat da Agorrosingo abonatu ez diren herriko kirolari federatuek orain arte ordaintzen ez zen tasa bat ordaindu beharko dutela. Labegaraietako kiroldegia, Agorrosin futbol zelaia edota udal pilotalekuko aldagelak berritzeko esfortzu berezia egin izana eta mantenurako gastuak nabarmen hazi direla argudiatuta hartu dute erabakia. "Instalazio publikoak erabiltzen duten kirolari federatuei aplikatuko zaien tasa bat da, udalbatzak iaz onartu zuena osoko bilkura baten. Denboraldian zehar Agorrosinen sei hilabetez abonatuta daudenak ez lukete ordaindu beharko; abonatuak ez diren 16 urtetik beherakoek urtean 35 euro ordaindu beharko zuten eta 16 urtetik gorakoek, berriz, 50 euro", adierazi du Ugarteburuk.

Kirol klubek neurri berria nola hartu duten galdetuta, honako hau erantzun du Ugarteburuk: "Aspaldi ari gara eurekin berbetan. Ordaintzea ez zaio inori gustatzen baina uste dut ulertzen dutela; instalazio eta ekipamendu berriak jartzera, gastuak igotzen doaz eta uste dugu justuena dela erabiltzen dutenek ordaintzea tasa hori".

Izena emateko aukera dago oraindik

Kirol ikasturte berrira begira jarduera berririk antolatu ez bada ere, 2022an baino sei ikastaro gehiago antolatu dira eta iaz baino 25 erabiltzaile gehiagok eman dute izena dagoeneko. Udaleko Kirol Zerbitzutik gogora ekarri dute oraindik ere izena emateko aukera dagoela, kiroldegira bertaratuta, telefonoz deituta 943 77 70 95 edo helbide elektronikoz (agorrosin@bergara.eus) mezua bidalita. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak