Puntua aldizkariaren 378. zenbakian argitaratutako elkarrizketa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Amaia Arrieta bergararra egunero gauza berriak ikastea gustatzen zaion ekintzailea da. Enpresagintza ikasi zuen Oñatin, gero hiru urteko masterra Madril, Paris eta Londresen, eta Ingalaterrako hiriburuko banku batean aritu zen lanean. Baina bere ibilbide profesionalak aldaketa sakona izan zuen jaiotzear zegoen lehen semearentzat arropa bila hasi zenean. Marka propioa irekitzea erabaki zuen, Amaia Kids, arropagintzan esperientziarik izan ez arren. Bistan da asmatu zuela, mundu osoan saltzen dituelako tokiko ekoizleek egindako jantzi klasikoak.
Zerk bultzatu zintuen 2004an jauzia ematera?
Ordurako Londresen bizi nintzen eta, egia esan, emakumeen moda jarraitzen nuen, baina haurrena ez. Ez bazen opariren bat egiteko, ez nuen haurrentzako arroparik erosten. Baina haurdun geratu nintzen eta semeari ze arropa jarri bilatzen hasi nintzenean, ohartu nintzen ez zegoela nire gustuko eskaintzarik Ingalaterran. Orduan bururatu zitzaidan ideia, eta pausoa emateko une aproposa zela iruditu zitzaidan. Chelsea auzoan ireki nuen denda, haurren arropa saltzen duten azoka handietara joaten hasi nintzen, gustuko nituen arropak erosiz. Horixe izan zen lehen esperientzia. Esan nuen: "Saiatuko naiz, ondo irteten bada, ondo, eta bestela ere bai". Ingelesek esaten duten bezala: no pain, no gain, eta horrela izan zen.
"Nire aitak Algodoneran egin zuen lan, eta txikitatik gustatu izan zaizkit moda kontuak"
Guztia zeneukan ikasteko, beraz. Ez zizun bertigo pixka bat eman?
Lehen urteetan intentsuagoa izan zen prozesua, eta, atzera begiratuta, luzea izan dela ondorioztatzen dut. Ofizioan berria nintzenez, akats asko egiten nituen, horietatik ikasiz. Batzuetan ondo irteten da, eta beste batzuetan ez hain ondo. Baina interesgarria da hori. Norberak bere nortasuna du, eta, nire kasuan, zerbait ikasitzat jotzen dudan egunean beste gauza bat egiteko beharra sortzen zait. Azken finean, urte bakoitza desberdina da eta beti dago zerbait berria deskubritzeko. Zentzu horretan, zorte handia izan dut. Egunero ikasten dut zerbait, hori da lan honen gauza politetako bat.
Nola bilakatu da zure lana?
Esan bezala, azoketara joaten hasi nintzen. Europan hiru hauek dira inportanteenak: Valentziakoa, Pariskoa eta Florentziakoa. Lehendabizi Valentziara joan nintzen, Espainiako marka txikien arropa erosi eta Ingalaterran saltzeko helburuarekin. Hiruzpalau gustatu zitzaizkidan, eta haiekin hasi nintzen. Oraindik horietako birekin jarraitzen dut lanean. Desberdintasuna da orain niretzat egiten dutela arropa. Era berean, diseinuak guk egiten ditugu gaur egun, Espainian eta Portugalen dauzkagun tailerretan. Denda ugari ireki ditugu munduan barrena, eta online bidez ere asko saltzen dugu.
Zure egunerokoan hara eta hona ibiltzen zarela dirudi. Horrela da?
Laneko bidaia asko egiten ditut, bai. Londresen bizi gara baina askotan joaten naiz Madrilera, baita Bilbon dugun tailerrera ere. Oporretan familiarekin egotea gustatzen zait, Zarautz eta Bergara artean.
Ze ezaugarri dituzte zuen jantziek?
Nire estiloa klasikoa izan da betidanik. Argi izan dut niri gustatzen zitzaizkidan gauzak bakarrik saldu nahi nituela, politak eta iraunkorrak. Ni neu ikusten nintzen bezero bezala: gauza asko seme nagusienari erosten nizkion, eta alaba txikiek eroan dituzte beranduago. Ildo beretik, askok esaten didate oraindik erabiltzen dutela duela urte asko erositako arropa, lehengusuari pasa diotelako, edo lagunari… Hitz horiek arropek kalitate handia dutela adierazten dute, baita modaz pasatzen ez direla ere. Prezio aldetik, gauzak mimoz egiten direnean ez dira oso merke irteten, baina ezta oso garesti ere. Erdibideko prezioan saltzen ditugu, gauza politak eta iraunkorrak gustatzen zaizkionak eros ditzan.
"Martxa honetan, 10-15 urtean itxi egingo dira iberiar penintsulako arropa tailerrak"
Arropa-ekoizle handi askok fabrikak kanpoko herrialdeetara lekualdatzea hobetsi dute. Nola bizi duzu hori?
Horrela jarraituz gero, 10-15 urtean Espainia eta Portugal inguruko tailer gehienek edo ia denek etengo dute jarduna. Ekoizpen guztia Marokon, Tunezen edo urrunago egingo dute. Eta hau ez dut nik bakarrik esaten, harremana dudan tailer guztietan entzuten dut. Jakina baita arropa ekoizleen lana ez dela ondo ordaintzen. Marka handiak Asiara joan dira prezio askoz merkeagoan ekoiztera, hemengo tailerrak lan barik geratzea eraginda. Izan ere, hemen ezin duzu hilean 100 euroko soldata banatu, baina han bai. Dena den, profesio polita eta ondradua da, baina lan handia dakar. Kontua da multinazionalek ez dutela lan hori behar bezala ordaindu nahi. Nire esanetan, denok dugu soldata arruntak izateko eskubidea. Egiten den lanari balioa eman behar zaio. Beste era batera esanda, kamiseta bat 5 euroan erosten badugu, komeni da konturatzea ze gutxi joango zaion fabrikatzaileari, jakinda dendak marjina handienaz geratuko direla.
Espainiako ehungintza goraipatzen duzu. Zergatik?
Diseinu, funtzio eta kalitate aldetik Espainiako ehungintza oso garatuta dago, oso ona da. Mundu guztian ezaguna da arropa, berme moduko bat da. Hala ere, Espainian bertan ez da asko saltzen globalizazioagatik, eta horrek ere eragin du tailer txiki asko ixtea. Bestalde, belaunaldi gazteek ez dute guraso zein aiton-amonen negozioa hartu nahi. Errelebo falta penaz bizi dut, herentzia handia galtzeko arriskua dagoelako. Tokian tokiko arropa ekoizleak hemendik urte batzuetara jubilatzen direnean, sektorea desagertu egingo da. Hori da garapena, onerako eta txarrerako.
Bergararra zara, ehungintzan historia handia izan duen herrikoa. Jaioterriak izan al du eraginik ofizio hau aukeratzeko orduan?
Esango nuke baietz. Nire aitak Algodoneran egin zuen lan bizi osoan. Jabetu ez arren, txikitatik gustatu izan zait moda; gai hori beti izan dut subkontzientean, egun batean esaten duzun arte, hau da egin nahi dudana. Gogoratzen dut Parisen masterra ikasten ari nintzela, hango feriara joaten zirela Tavex eta Algodonerako saltzaileak, praketarako ehuna saltzera. Behar izanez gero, laguntza ematen nien.
Eta begira gaur egun, Ingalaterrako errege-erreginen senitartekoak dituzu bezero, besteak beste.
Kate Middleton, Galesko printzesa, etorri zen behin Chelseako dendara, bere seme-alabentzako arropa erostera. Duela 8 urte izan zen hori, eta ordutik urtero etortzen dira, hutsik egin gabe. Normaltasunez jokatzea gustatzen zaie eta oso erlazio ona eta luzea dugu. Nik, ezeren gainetik, bezero arrunt moduan ikusten ditut, saltzeko bainago, eta kitto. Baina ez nuke esango halako erosleak erakartzea inflexio puntu bat izan zenik, esan nahi dudana da Kate etorri delako hurrengo egunean ez direla zure salmentak biderkatzen. Jarraitu behar da lan egiten, ahaleginak egiten… Esposizio horrek prestigioa eta fama ematen dizu, egia da, baina ez da jubilatzeko arrazoiak ematen dizkizun mugarri bat izan, inondik ere. Ohi bezala, bilduma politak egiten segitzen duzu, zure norabidean.
Pandemian maskarak egitea erabaki zenuten, eta ez zineten oharkabean pasa.
Zortea izan genuen, Kate Middletonek eraman zituelako, produktu berriari ikusgarritasun handia emanez. Prezioz edonork erosteko moduan saldu genituen, eta zorionez asmatu genuen, umeen arropa ez zelako hainbeste saltzen, kalera gutxiago irteten ginelako. Hau da, ikusi genuen hori zela hartu beharreko bidea une hartan, eta, zorionez, tailer guztiak topera ibiltzea lortu genuen.
Iaz sari bat eman zizueten Buckingham jauregian, Ingalaterrako errege-erreginak egiten duzuen ekarpenarekin pozik daudenaren seinale.
Bai, ekainean izan zen. Queen's Award Enterprise izeneko sariketa egiten dute urtero, eta guk Nazioarteko Komertzioaren saria jaso genuen. Parte hartzeko, aurreko hiru urteetan zenbat herrialdetan saldu duzun eta halako kontuak frogatu behar dira. Normalean Isabel II.ena erreginak ematen zuen saria, baina urte hartan oraindik printzea zen Charles III.ari egokitu zitzaion lehen aldiz. Etorkizuna zen orduan, gaur egun, berriz, oraina.
"Pertsona famatuak bezero izateak ez du bermatzen egun batetik bestera jubilatzea"
Halako aitortzek lagunduko dute Amaia Kids marka ezagunagoa egiten, ezta? Izan ere, mundu osoan famatuak diren pertsonak ere joaten zaizkizue: Naomi Campbell, Victoria Beckham, Claudia Schiffer...
Zalantza barik, aitortza guztiek laguntzen dute, noski. Baina lan handia egin behar da, eta oso esklaboa izaten da. Urte guzti hauetan asko lagundu digun beste faktore bat ahoz ahokoa izan da. Oso denda gutxik lortzen dute Londres batean, toki berean, 18 urtez zabalik irautea. Hiri hau nazioarteko plataforma bat bezalakoa da, beste herrialdeetan bizi den jende asko pasatzen delako hemendik. Horrek esposizio handia ematen du, eta, ondorioz, bezeroak ugaritu egiten dira.
Hedabide askotan elkarrizketatu izan zaituzte. Telegraph-en, esaterako, haur arropen etorkizuna moldatzen zabiltzala eroan zuten lerroburura.
Etorkizunak zirkularitatean, fabrikazio lokalean eta kalitatezko materialetan egon behar du. Modan dauden kontzeptuak direla esango nuke. Senitartekoen edota lagunen artean arropa pasatzea, behin baino gehiagotan aprobetxatzea, kalitate dezenteagatik apur bat gehiago ordaintzea... badira jende askok lehenesten dituen joerak. Bigarren eskuko arropa asko saltzen da baita ere. Horri garrantzia ematen diot, eta inguratzen gaituen talentuari aukerak eman eta aurrera ateratzeari, noski. Hori da gakoa, produktoreei talentua aitortzea, haien beharra dugulako. Gainera, estilo klasikoak berme bat ematen du: beti eramango da, orain arte bezala.