Bergaratik Elosura arteko errepidea konponduko du Aldundiak, astelehenean hasita

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ira. 6a, 13:11

Herrigunea eta Elosua auzoa lotzen dituen GI-3750 errepidea konponduko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, datorren astelehenean hasita, eta, ondo bidean, bost hilabetez luzatuko dira lanak. Sei kilometro pasatxoko errepide zatia da konponduko dutena.

Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Maria Ubarretxenak adierazi duenez, 845.000 euroko inbertsioa egingo dute, hainbat lan egiteko: "Errepidea ondo drainatuko dugu, dauden zuloak konpondu, bide bazterrak jaso eta errepide guztia maila berean jarri. Azken batean, konponketa integral bat".

2021ean hobetu zuten Elosutik Azkoitira arteko errepide zatia eta, orain, horri jarraipena ematea da Aldundiaren asmoa. Modu horretan, bergararrek erosotasunean eta segurtasunean nabarituko dutela gaineratu du Ubarretxenak.

Halaber, nabarmendu du landa auzoak garrantzitsuak direla haientzat eta bigarren mailako errepideak funtsezkoak direla lurraldearen kohesiorako. Horri erantzutera dator konponketa hau. "Landa-eremuko bizi-kalitatea eta han zerbitzuak eman ahal izatea garrantzitsua da guretzat. Gainera, bide hau oso erabilia da, aisialdi gune bat ere badelako. Gainera, ikusten da berritzea behar duela", dio diputatuak.

Iñigo Zubeldia Elosuko auzo-alkateak azpimarratu du aspaldiko eskaera bat izan dela eta, beraz, pozik hartu dutela albistea. Gorka Artola Bergarako alkateak ere ildo beretik jo du: "Nabarmena zen, aspaldian, errepideak hobetzeko beharra zeukala. Joan zen agintaldian ere eskatu genion Aldundiari obra hau egin zezan eta, beraz, pozten gaitu. Obrak bukatu ostean, erabiltzaile guztiok segurtasun eta erosotasun handiagoarekin erabili ahal izango dugu errepide hau. Inportantea da auzoak eta herriguneak ondo konektatuta izatea".

Gorla ingurua arnasgune handia da bergararrentzat, alkatearen esanetan, eta funtsezkoa da errepidea egoera onean egotea. "Herritar asko dira Gorlara igotzen direnak, oinez, bizikletan zein autoan, eta horretan ere lagunduko du obra honek. Jendea gerturatzeko erraztasunak izatea beti da onuragarria", bukatu du.

Esan moduan, beraz, aurreikuspena da 2024ko urtarril bukaerarako errepidea guztiz konponduta izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak