Abuztu hasieratik martxan dira Bergaran ekitaldi zibilak egiteko gune berrirako obrak. Laboratorium museoaren atzealdean kokatuko dute zerbitzu berria, garai bateko zalditegia zegoen lekuan. Proiektua nondik datorren eta kokapena nola aukeratu den azaldu du Udaleko Lurraldea batzordeko arduradun-zinegotzi Markel Azkargortak: "Herritarren eskaera bati erantzutera dator proiektua. Gero eta eskari gehiago dago ekitaldi zibilak egiteko, izan ezkontzak, agurrak, hiletak edota bestelakoak. Gaur egun, adibidez, Bergaran hileta zibiletarako leku bakarra dago, Oxirondo plaza eta Katabia kale bitartean, Santa Marina elizaren ondoan. Herritarren eskura dagoen baliabide bat da, baina nahiko leku hotza da halako ekitaldietarako. Horregatik, zenbait buelta eman ondoren, Errekalde jauregiaren atzeko aldeko zalditegiek erabilerarik ez zutela ikusi zen. Kokapena ere egokia da, erdigunetik gertu dagoelako eta inguruak ematen du nolabaiteko intimitatea, esaterako, hiletak ospatzeko. Badu bere xarma, eta goxoa da".
Abuztuan hasita, bost hilabete
Obraren helburua da Laboratorium museoaren atzealdeko zalditegiaren estalkia berritzea eta herritarrei baliabide berri bat eskaintzea ekitaldi zibiletarako, izan hiletak edo bestelakoak. Hala, estalkiaren azpian geratzen den espazioa erabat irekita geratuko da, alboko eraikinaren ondoko eremuan izan ezik. Eremu horretan komunak eta atzeko biltegi txiki bat planteatzen dira, eta ez da aurreikusten eraikina fatxada baten bidez ixtea, baizik eta arkupe gisa irekita geratuko da. Goitu Eraikuntzak enpresari esleitu zion Udalak proiektuaren exekuzioa; lehiaketa publikora irten zen aurrekontua 208.350 eurokoa bazen ere, lehiaketa amaitu ostean kontratuaren prezioa izan da 202.121 eurokoa, BEZ barne.
Esandako moduan, enpresa eraikitzaileko langileek abuztu hasieran ekin zieten lanei –idatzitako proiektuan aldaketa batzuk egin behar izan zituzten– eta aurreikuspena da bost hilabetetan amaitzea; oraingoz, lanak aurreikusi moduan doaz. Beraz, dena ondo bidean, 2024. urtearen hasieran erabilgarri egongo litzateke ekitaldi zibiletarako gune berria.
Aurrekontua da 202.121 eurokoa, BEZ barne; exekuzio epea, berriz, bost hilabetekoa da
Ordenantza irailean, Udalean
Zerbitzu berrirako ordenantza ere lantzen ari da Udal Gobernua, Azkargortak adierazi duenez: "Gaur egun badago udalbatzak onartutako ordenantza bat, 2010ekoa dena, Bergaran hileta edo omenaldi zibilak egiteko. Ordenantza hori berritu egin beharko da; zirriborro bat badugu esku artean eta irailean landuko da gaia Udalean. Bestalde, erlijiorik gabe bizitzea aukeratu duten herritarrei ekitaldi zibilak egitea erraztu asmoz beste hainbat gune bideratzea ere aurreikusten dugu. Boluko frontoi estalia edota auzoetako gainerako frontoiak izan daitezke horren adibide".
"Garrantzitsua" EH Bildurentzat
Udal Gobernuarentzat proiektu garrantzitsua den galdetuta, honako hau adierazi du EH Bilduko zinegotziak: "Premia herritarrengandik sortu bada ere, kontuan izanik herri ez-konfesional eta laiko baten bizi garela, erakundeok halako eskaerei bide eman behar diegu. Beraz, bai, proiektu garrantzitsua da Udal Gobernuarentzat".
Horrez gain, Azkargortak dio "ahalegin handia" egin duela Udalak azken urteetan hainbat eraikinei erabilera berri bat emateko: "Ahalegin handia egiten ari da Udala eraikin ezberdinak berritzen herritarrei zerbitzu hobeak emateko asmoz: hilerriko kapera eta Arrizuriaga jauregia dira horren adibide garbiak, eta orain, Errekaldeko zalditegi zaharra berritzea tokatzen da. Nabarmenduko nuke badaukagula nahikoa udal eraikin, berriak altxatu beharrean berrituz gero, bergararron beharrak asebete eta herri bizigarriago bat eraikitzen lagundu dezaketenak. Eta horretan ari gara".