Maitane Suinagak Euskal Gazte Orkestrarekin bidea hasi du

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko uzt. 27a, 14:34

Biolin-jotzaile bergararrak, azken zazpi urteak Euskal Ikasle Orkestran egin ostean, Euskal Gazte Orkestrarako (EGO) jauzia egin berri du eta zazpi urtez ariko da han. Horrekin batera, Jazzaldian aritzeko aukera ere izan du.

Bideo bitartez egin ditu probak eta, beste 25 musikarirekin batera, Euskal Gazte Orkestrarako aukeratuetako bat izan da Maitane Suinaga. "Partitura eta obra zehatz batzuk jotzeko eskatu ziguten eta, epe baten barruan, bideoa bidali behar izan dut baldintza horiek betez. Zortez, titular moduan hartu naute", adierazi du, pozez. "Banuen esperantza puntu bat, baina ni baino maila altuagoa duten musikariak daude EGOn, beraz, poz handiarekin hartu dut albistea".

Euskal Gazte Orkestran sartzearekin batera, Jazzaldian parte hartzeko aukera izan du Suinagak, Kenny Barron moduko musikari handiekin oholtza partekatuz. Horretarako, uztailean bi astez prestaketa lanak egiten aritu da orkestrako kideekin batera, Bilboko Euskaldunan, Donostiako Victoria Eugenian eta Gasteizko Principal antzokian, besteak beste.

Hala, Jazzaldian aritu izana ohore bat izan dela dio. "Gainera, esperientzia berria izan da niretzat. Izan ere, jazzean ez dira ohikoak biolina eta instrumentu klasikoak. Beraz, esperimentu moduko bat izan da gehienontzat,  baina ikusi dugu ondo atera dela eta gustatu zaigula. Gainera, horrelako emanaldi bat Jazzaldian egin ahal izatea ederra izan da".

Ikasten jarraitu gura du

Suinagak dagoeneko hasi du bidea Euskal Gazte Orkestrarekin eta udan zein Gabonetan hainbat kontzertu egingo ditu. Hasiera batean, 25 urte dituenera arte ariko da orkestra horretan, baina, modu paraleloan, musika ikasketekin jarraitu gura du. "Hurrengo ikasturtean, Goi Mailako Musikako Zikloa hasiko dut, lau urteko ikasketak. Musika munduan jarraitzea da nire asmoa eta ea ze aukera suertatzen zaizkidan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak