Puntua aldizkariaren 376. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
80ko hamarkada hasieran egin zenituen Informatika ikasketak. Zenbat aldiz eta nola azaldu behar izaten zenuen orduan zer ikasten ari zinen?
Matematika eta logika asko gustatzen zitzaizkidan, eta ikusi nuen Informatikan lantzen zirela horiek. Banuen Informatika ikasten hasi zen lagun bat, eta zerbait berria iruditzen zitzaidan; gainera, pelikuletan-eta robotak modan zeuden orduan. Baina garai hartan inork ere ez zekien zer zen Informatika, eta batzuek, Informazio Zientziak ere bazeudenez, kazetaritzarekin ere nahasten zuten. Dena den, gai ezezaguna izan arren, unibertsitatean talde handia ginen; Bergaratik bertatik bi geunden gela berean.
Pentsatzekoa da orduan ikasi zenuenak eta gaur irakasten duzunak ez dutela zerikusirik. Ala bai?
Oinarrizko gauza batzuk mantentzen dira, baina hainbesteko aldaketa gertatu da, hainbesteko aurrerapenak egin dira, zerikusi txikia dute. Informatikan une oro ibili behar duzu ikasten, oso zientzia aldakorra delako eta oso azkar doalako; are gehiago, azken urteotan. Momentu batzuetan nekagarri samarra ere izan daiteke; batez ere, ikasleei begira: ikasturte batean gauza bat irakasten duzu eta hurrengorako aldatu egin behar izaten duzu, ikasgaiei buelta bat eman behar diezu. Hori, irakaskuntzari dagokionez; zer esanik ez, ikerketaren esparruan! Gogoa, indarra eta jakin-mina beharrezkoak dira erabat horrela jarduteko.
"Informatikan une oro ibili behar duzu ikasten; oso zientzia aldakorra da"
EHUko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia Saileko zuzendaria izandakoa zara eta egun ere han irakasten duzu. Zer da, zehazki, hori?
Arkitektura orokorrean etxeen eta eraikinen egitura-eta irakasten da, eta gure sailean konputagailuen egitura azaltzen da: barrutik nolakoak diren, nola komunikatzen diren, azkarragoak izateko nola antolatzen diren, segurtasuna nola bermatzen den... Alde fisikoa lantzen dugu, baita programazio paraleloa ere.
Zenbat handitu da emakumeen presentzia EHUko Informatika Fakultateko ikasgeletan zu hasi zinenetik gaur egunera arte?
Gutxitu egin da, zoritxarrez. Ni hasi nintzenean erdia inguru izango ginen emakumezkoak, eta, azkenaldian apur bat igo egin dela dirudien arren, urteetan behera egin du emakumeen presentziak. Irakasle aldetik hobeto gaude, baina, ikasleei dagokienez, asko kostatzen zaigu neskak erakartzea. Ez dakit ematen den irudiagatik den, dagoen estereotipoagatik: gizonezko bat egun osoan ordenagailu baten aurrean, beste inorekin harremanik izan gabe... Lehen, Ingeniaritza Informatikoa izeneko gradua bakarrik eskaintzen genuen, eta orain, Adimen Artifizialean gradua ere eskaintzen dugu. Azken hori sartu genuenetik pixka bat egin du gora; badirudi emakumezkoek horretan bai ikusten dutela euren burua. Gu saiatzen gara emakumeak erakartzen, kanpainak egiten ditugu eta Emakumeak Zientziak ekimenaren barruan ere bagaude, baina ez dugu lortzen. Eta ez da EHUren arazoa bakarrik, ezta Espainiako Estatuan gertatzen dena ere; unibertsalagoa da. Oso garrantzitsua da emakumezkoak informatikan egotea, gauza askotarako lan egiteko modu eta ikuspegi ezberdinak direlako emakumezkoenak eta gizonezkoenak. Gainera, informatika gaur egun arlo askotan dago, eta hor ere behar dira emakumeak.
Besteak beste, Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografikoa garatu duen eta hizkuntzaren tratamendu automatikoan diharduen Ixa taldeko kidea zara; baita HiTZ-eko ikertzailea ere (Hizkuntza Teknologia Zentroa). Zerk ezberdintzen du bakoitza?
Ixa EHU barruan dagoen ikerketa-talde bat da, eta idatzizko testuen prozesamenduarekin egiten dugu lan, batez ere. HiTZ ere EHU barruko zentro bat da, baina zabalagoa da, ikerketa-talde bat baino gehiago hartzen ditu: Ixa, esaterako, eta baita gehiago ahots kontuekin lan egiten duen Aholab ere. Batean zein bestean, hasiera batean, euskararen bueltakoak lantzen genituen, baina gaur egun hainbat hizkuntzatara zabaltzen ditugu gure ikerketak; batez ere, ingelesera eta gaztelerara. Dena den, helburua da aurrerapen horiek guztiak euskarara ekartzea.
Informatikaren munduan zein da euskararen egungo egoera?
"Ikasleei dagokienez, asko kostatzen zaigu neskak erakartzea"
Hizkuntza gutxitua den heinean, eta beste hizkuntza batzuekin alderatuta, egoera onean dagoela esango nuke, teknologian oso ondo kokatuta. Europako hizkuntzen artean egiten diren azterketetan ikusten da ez gaudela gaizki. Eta ez gaude, neurri batean, Ixa taldea hor egon delako hasieratik ikertzen eta tresnak sortzen. Beste hizkuntzetarako egin diren aurrerapenak euskarara ekarri ditugu, eta horrek ekarri du euskara maila onean egotea. Ez dut esango beste hizkuntza batzuen mailan daudenik, ezta gutxiago ere. Haiek beste abantaila batzuek dituzte; estatu baten babesa, esaterako. Era berean, hizkuntzaren prozesamenduaren kasuan, beste hizkuntza batzuetan askoz ere testu gehiago dituzte formatu elektronikoan, eta horrek aukera gehiago ematen dizkie. Gure aplikazioen eta tresna guztien oinarria idatzizko hizkuntza da, eta euskaraz ez dago hainbeste testu modu elektronikoan. Gainera, guk lantzen dugun atalean ere badago formatzeko aukera; aspalditik eskaintzen dugu hizkuntzaren prozesamenduaren gaineko master bat. Nire itxaropena da euskara, arlo teknologikoan, hizkuntza handien mailara iristea.
Ze proiekturekin edo ikerketarekin zabiltza orain?
Alborapen arazoa izenekoa ari naiz ikertzen. Gaur egun, adimen artifiziala dago pil-pilean, eta adar asko ditu. Denon ahotan dago ChatGPT sistema, besteak beste, egiten dizkiozun galderei erantzuten diena; hasten dituzun testuak amaitzen dituena; edo eskatutako testu motak idazten dituena. Gertatzen dena da sistema horiek atzean dituzten testuetatik ikasten dutela eta testu horietan askotariko alborapenak daudela: generoarekin lotutakoak, esaterako, edo arrazarekin lotutakoak. Itzultzaile automatiko bati generorik ez duen testu bat emanez gero, sistemak berak hautuak egiten ditu. Nik euskaraz jartzen badiot: Medikua etorri zen eta erizainak agenda eman zion. Sistemak honela itzuliko du gaztelerara: Vino el médico y la enfermera le dio la agenda. Hautu bat egin du sistemak: medikua maskulinoa da eta erizaina, femeninoa. Zergatik? Atzetik dauden dokumentu gehienetan horrela agertzen delako, eta makinak horrela ikasi duelako. Sistema horiek, gainera, areagotu egiten dute arazoa; behin eta berriz ikusten badute el médico eta la enfermera, beti erantzungo dute horrela. Sistemei irakatsi egin behar zaie modu horretan ez orokortzen. Arrazarekin ere gauza antzerakoa gertatzen da: arraza zurikoak askotan onak eta azkarrak dira eta beste arraza batzuetako jendearekin zentzu negatiboa duten hitzak erabiltzen dira. Horrekin guztiarekin kontuz ibili behar da, eta, erraza ez den arren, saiatu behar dugu sistema horiek neutroak izan daitezen. Horretan nabil lanean.
Adimen artifizialarekin, dioten besteko iraultza dator?
Bai, badator, nahiz eta ez dudan uste, batzuek dioten moduan, gure gainetik jarriko direnik. Nola erabili jakin behar dugu guretzat lagungarri izateko; izan ere, onura asko ekarri ditzake. Gaur bertan ikasle batek lan bat aurkeztu du eta planteatzen du, pertsona batek sare sozialetan- eta idazten dituen mezuak aztertuta, ludopatia arriskua duen edo ez detektatzea; edo bere buruaz beste egiteko joera edo arriskua. Horretan guztian lagundu dezake sistemak; baita, esaterako, mediku bati gaixotasun arraro bat antzematen ere. Gure lana errazteko eta lana kentzeko balio behar du adimen artifizialak. Utopia den? Gauza guztiak bezala, onerako zein txarrerako erabili daiteke, baina nire itxaropena da arlo askotan gauzak asko arinduko dituela. Baliteke lanbide batzuk aldatzea, baina hori beti gertatu da historian zehar; iraultza bakoitzarekin lanbide batzuk galdu eta beste batzuk sortu dira. Ondo erabiltzea lortu behar dugu, eta egon daitezkeen arazoak ondo arautzea. Ez diogu beldurrik izan behar adimen artifizialari.
Europar Batasunak, esaterako, adimen artifiziala erregulatzeko bideari ekin dio. Normala da adituak ez direnen artean kezka egotea? Aurrerapen teknologikoek izan beharko lukete mugarik?
"Beste hizkuntza batzuekin alderatuta, euskara egoera onean dago informatikan"
Gauza batzuk ezingo dira onartu, beste alor askotan bezala: mediku bat gai da edozein pertsonari kalte egiteko, baina hori araututa dago eta ez dugu espero horrelakorik egingo duenik. Adimen artifizialarekin ere gauza bera; kalterik egin ez dezan arautu egin beharko da. Erabiltzeko moduan jarri beharko litzateke muga, baina ikerketak aurrera egin beharko luke beti, gauza berriak topatzeko eta lortzeko. Betiere, helburua gizakiaren onurarako gauzak egitea bada.
Noiz joan zinen Bergaratik?
18 urterekin joan nintzen Donostiara ikastera, eta bizitzera ez naiz berriz ere itzuli. Denbora gehiago daramat kanpoan bertan baino. Baina saiatzen naiz lotura mantentzen: familiakoak bisitatzera joaten naiz, aurreko batean egin genuen kintoen bazkarian ere izan nintzen...
Zenbat aldatu da Bergara zu joan zinenetik?
Asko! Iruditzen zait hobetu egin dela, dena bezala. Herriak berritzen doaz eta gaur egun ez dago gure garaian zegoen iluntasun hura. Bergarako alde zaharra zoragarria da, beti gustatu izan zait; gaur egun, Zumaian bizi naiz, eta hango lagunak eroan ditut Bergarara herria ezagutzera. Bizimodua bera zenbat eta zelan aldatu den ez dakit, baina urbanistikoki, behintzat, asko hobetu da.